IMMIGRAZIOA
700 immigrante inguru Melillara igarotzen saiatu dira
Berria, , 02-01-2015Gauean bi talde ahalegindu dira Espainiako hirira sartzeko hesiaren gainetik pasatzen. Gainera, 450 immigrante zeramatzan ontzi bat nora ezean geratu da Italiako kostaldera zihoala. Bi taldeak 200 eta 500 lagunek osatutakoak ziren, eta ez dute lortu Melillara igarotzea. Asteon hainbat aldiz ahalegindu dira Afrikatik Europako Batasunera heltzen, eta abenduaren 30ean eta 31n 150 bat lagunek lortu zuten hesia gainditzea.
Melillakoa ez da Europako Batasunerako sarrera bakarra. Ontzi batean Italiara bidean zihoazen 450 bat immigrante, baina itsasoan zeudela, ontzitik ihes egin du tripulazioak. Nora ezean geratu dira ontzian zihoazenak, eta Italiako Kostaldeko Poliziak hartu du ontziaren gidaritza. Helikoptero bidez heldu dira sei polizia itsasontzira, hura kostalderaino eramateko.
Leucako lurmuturretik 70 bat kilometrora zegoen itsasontzia Italiako armadako hegazkin batetik ikusi dutenean. Turkiako portu batetik abiatu dute bidaia. Herenegun, 796 lagun heldu ziren beste itsasontzi batean Italia hegoaldeko kostaldera.
(Puede haber caducado)