Xenofobiaren sarrera txartela

«Mendebaldearen Islamizazioa» aitzakia hartuta, etorkinen aurkako manifestazioak antolatzen ari da astero Alemaniako Pegida mugimendua. Protesten helburu nagusietako bat asilo eskatzaileak dira

Berria, Samara Velte, 23-12-2014

Dresden, Alemania. Negu gorriko hotza gorabehera, asteroko moduan kalera atera dira milaka lagun Gabonen aurreko azken astelehenean, Pegida mugimenduak deituta. Berez «Mendebaldearen Islamizazioaren Aurkako Europar Patriotikoak» leloaren akronimotik dator mugimenduaren izena, baina aldarrikapenak askoz zabalagoak dira: besteak beste, «gehiegizko immigrazioa» eta Angela Merkel kantzilerraren aurkako protestak. «Kezkatuta dagoen gizarte sektore» bat ordezkatzen duela dio Pegidak; Alemania ekialdean du arrakastarik handiena.

Duela hilabete batzuk hasi ziren astelehenetako protestak —atzo 11. deialdia egin zuten—, eta azkenengoetan 15.000 lagun baino gehiago bildu dituzte. Joan den astean argitaratu zuten, lehenbiziko aldiz, idatzizko aldarrikapen programa antzeko bat, ordura arte Interneten zabaltzen zituzten mezuak baino nabarmen leunagoa. Facebooken immigrazioa amaitzeko neurriak ere eskatu izan dituzte, Alemania jada «etorkinez gainezka» dagoela argudiatuz. Protesten beste objektu nagusi bat asilo eskatzaileak dira: haiei babesa emateko aterpetxeen aurka jo du Pegida kanpainak.

Ezkerrak eta talde antifaxistek berehala antzeman dituzte eskuin muturreko eragileak deialdien atzean; izan ere, NPD alderdi neonaziko eta AfD Alemaniarentzako Alternatiba euroeszeptikoko kideek babestu dituzte manifestazioak. Hainbat hiritan Pegidaren kontrako mobilizazioak antolatu dituzte, eta eragile ugarik kezka adierazi dute. Boris Pistorius Saxonia Behereko Barne ministroaren arabera (SPD), parte hartzaile askok ez dakite nor dagoen pankartaren atzean: «Islama islamismoarekin parekatuta, eskuin muturrak bete-betean sartu dio gola gizarteko zentroari. Hortxe du xenofobiarentzako sarrera txartela, masak indartuta». DDRko giza eskubideen elkarteak 1989ko leloak hankaz gora ipintzea egotzi dio Pegidari: «’Harresirik ez’, esaten genuen orduan. 25 urte geroago, harresia nahi duzue, baina Mediterraneoan». Saxoniako Kultur Bulegoak ondorioztatu duenez, «mugimendu chauvinista berri baten adierazpena» dira astelehenetako protestak. «Alemaniako egungo errealitatearekin pozik ez daudenen biltegia da», adierazi du Amadeu Antonio fundazioak.

CDU, entzuteko prest

Era batera edo bestera, aginteari eragiten hasi dira eskaerak. CDU eta CSU alderdi kristau-demokratek gainerakoek baino adierazpen gutxiago egin dituzte orain arte; izan ere, Pegida mugimenduaren leloak dezente hurbiltzen dira onartutako diskurtso kontserbadorera, batez ere delituak egiten dituzten etorkinen aurka dihardutenean. Dresdengo alkateak asilo gaietarako telefono bat jartzeko proposatu du, eta Stanislaw Tillich Saxoniako presidenteak herritarren haserrea «ulertzen» duela adierazi du. Thomas de Maiziere gobernuko Barne ministroak «eskua luzatu» dio Pegidari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)