Zapiak adina begirada mota
Emakume musulman batzuek janzten duten oihalak eztabaida ugari sortu ohi ditu: zapalkuntza ala aukera, erlijioa ala kultura... Aurreiritziei aurre egin nahian, gaia ahotsez jantzi dute Donostian.
Berria, , 23-12-2014Burua oihalez estalia zeraman emakume bati autobusera sartzea ukatu zion gidari batek Gasteizen, orain dela aste zenbait. Horrek airean zegoen eztabaida bat piztu du berriro: espazio publikoan zapia janzteko eskubiderik baden, emakumearen aurkako zapalkuntzarik badagoen horretan… Denetariko ikuspegiak entzuten dira gaiaren inguruan. Terminologian ere handia da zurrunbiloa: hijab, nikab, txador eta burka hitzak nahastea ohikoa da arabiar kultura ezagutzen ez dutenen artean, eta horrek ez du errazten iritzi bat egituratzea. Zalantzak argitu eta aurreiritziei aurre egiteko asmoz, Janzkera eta erlijio identitatea hitzaldia antolatu zuen joan den ortzegunean Jatorkin elkarteak, Donostiako Emakumeen Etxean, eta Euskal Herrian bizi diren hiru emakume musulmanek beren bizipen eta ikerketen berri eman zuten. Bereziki hijabaz mintzatu ziren, horixe baita emazte musulmanek oro har erabiltzen dutena, Hajar Samadi gizarte langilearen arabera: «Bertzeak aldaerak dira».
Zapia bera ezaugarri matxista den ala ez eztabaidatzetik haratago, bereziki horren aitzakiapean hartu diren neurriak eta sortu diren iritziak kritikatu zituen Bayan El-Idrisi gizarte hezitzaileak. Islama du erlijio, baina ez darama hijabik. Badakielako, hain zuzen, jarriko balu bere bizitza erabat aldatuko litzatekeela: «Ikasteko eta lana bilatzeko arazoak izanen nituzke, nire harremanak aldatuko lirateke…». Esperientziaz dio hori, ingurukoei eragin izan baitio antzeko oztoporik. Haren amari, erraterako, aurreiritziz betetako iradokizunak egin zizkion mediku batek, hijaba zeramalako: gizonaren pean zegoela, eta horregatik zegoela estresak jota. Kasua ez zen halakoa, baina. Ignorantziagatik sortutako jarrera dela uste du El-Idrisik: «Kultura batzuk ez dira ezagutzen; horrek konfiantzarik eza eragiten du, eta horregatik sortzen dira aurreiritziak». Horietako bat da, haren ustez, gizon arabiarrak matxistak eta emakume arabiarrak menpekoak diren uste orokortua.
Hijaba eta zapalkuntza lotzea bide beretik doala azaldu du: «Gu zapiak ez gaitu trabatzen; aldiz, horren inguruan sortzen diren aurreiritziek bai. Oihalaren gibelean ez dago beti kontrolatzen gaituen gizon bat». Gizartean dagoen arau gisa ikusten du arroparena, baina ez bakarrik zapia: bertze edozein jantzi mota ere bai. Takoiak izan daitezke, adibidez, edota piercing bat: «Gizarteak eragin handia du gure janzteko moduan; inor ez da zinez nahi duen bezala janzten». Arau horretatik ateratzea garesti ordain daitekeela gehitu du: «Pertsona bat arautik ateratzen baldin bada, baztertu egiten da, edo baztertua izateko arriskua izan dezake».
Erlijioa eta erresistentzia
Uste okerrei aurre egiteko lehenbiziko bide gisa, kontzeptuak argitzea da onena, Samadiren ustez. Alde batetik, zapi motak ezberdindu ditu, eta kulturen arabera anitz aldatzen direla azaldu. Marokon, erraterako, nikaba eta burka —aurpegia erabat edo ia erabat estaltzen duten zapiak— biziki jantzi berriak direla azaldu du: «Lehenbiziko burka telebistan ikusi nuen, 2001eko irailaren 11ko arratsaldean». Hain zuzen, Afganistango tribu batean erabili ohi dute jantzi mota hori, baina azkenaldian politikak instrumentalizatu duela deitoratu du. Nikaba, berriz, Ekialde Hurbilean ohikoagoa da —Gasteizen autobusean sartzen utzi ez zioten emazteak zeramana—, eta txadorra, azkenik, Irango jantzi tradizionala. Hijaba litzateke denak biltzen dituen zapi orokorra: «Guzia hartzen du barnean; janzkera kode baten antzekoa da».
Samadik uste du garrantzitsua dela, bakoitzaren formak eta koloreak definitzeaz gain, zapi guzien inguruan oro har dagoen ezjakintasuna argitzea. Izan ere, jende anitzen ustearen aurka, hijaba ez da erlijio sinbolo bat, islamaren bertze adierazpide bat baizik: «Ramadanean baraualdia egitea bezala, hijaba janztea islamaren bertze praktika bat da». Eta, erlijioarekin batera, batzuek ezaugarri kultural gisara janzten dutela adierazi du, edota beren identitatearen parte sentitzen dutelako paratzen dutela, Saharan melfa janzten duten bezala. Gainera, oihal zatitik haratago doa hijaba, Samadiren hitzetan, atal fisikotik at bertze erran-nahi bat ere baduelako, «jokabideari» dagokiona. Lotsarekin edota modu onekin du zerikusia.
Europako gizarteak pentsatu ohi duenaren aurka, hijaba zapalkuntzarekiko erresistentzia ere izan daiteke, El-Idrisi, Samadi eta Amal Eissaren ustez. Azken horrek 9 urterekin utzi zuen Maroko, eta Euskal Herrian bizi da orain dela zazpi urtetik. Ez du uste zapia emakumearen zapalkuntzaren isla denik: «Denek hitz egiten dute hijabaz, baina zergatik? Beharbada, uste duzue emakume musulmana emakume zapaldua dela?». Eissarentzat, bizitzaren parte den zerbait da buruko oihala. 18 urte zituela hartu zuen janzteko erabakia: «Nire nortasunaren zati bat da; ez da zapi soil bat». Gaineratu du andreen askapenaren aurka ez duela deus: «Hijaba ez zen ezarri emakumeen borrokaren oztopo edo murrizketa gisa, babes eta defentsa modura baizik». Islamak bide horretan zein ekarpen egin dezakeen sakondu du Samadik, haren bertzelako interpretazioak justifikatu gabe, betiere. Islama aitzin emaztea gorputzaren arabera baloratzen zela oroitu du, bertze kultura batzuetan gertatzen den bezala, adibidez, publizitate sexista dela medio. «Guretzat, hijaba horri guziari ezetz errateko modu bat da. Azken finean, ez da menpekoa izatea, zapalketari erresistentzia egitea baizik».
Bertze arazoak ezkutatzen
Hartara, hiru emazteek azaldu dute kalterako dela feminismoaren izenean zapiaren aurka egitea. Are, batzuetan aurkakotasun horrek «islamofobia» zantzuak izan ditzake, diotenez. «Erraten digute gizartea islamizatu egin nahi dugula, baina guk ez dugu kritikatzen mendebaldeko arropa». Hain justu, mendebaldartzearen aurkako erresistentzia ere izan daiteke zapia janztea.
Hijabaren eztabaidari ematen zaion gehiegizko garrantziak bertze arazo batzuk ezkutatu ditzakeela salatu dute, bertzalde. Emakume batzuk, erraterako, eskolatik kanporatu izan dituzte zapia janzteagatik, eta horrek hezkuntzarako eskubidea urratzen duela salatu dute. Ipar Euskal Herrian debekatuta dago eskolara hijabarekin joatea; Hego Euskal Herrian, aldiz, legeak baimentzen du zapia janztea, betiere pertsona identifika daitekeen bitartean. Horri buruz eztabaidatzeak, beraz, gaia desbideratzen du, Samadiren iritziz: etorkinen bizi baldintzei ez zaie aski erreparatzen, zapiaren aitzakian. Oroz gain, ahotsa haiek hartzea defendatu du: «Garrantzitsua da gu izan gaitezen horren inguruko iritzia ematen dugunak, eta ez, maiz gertatzen den bezala, komunikabideak bakarrik».
(Puede haber caducado)