Laguntza sozialak, iruzurra, etorkinak, xenofobia

Berria, Jone Bengoetxea - ELAko immigrazio saileko arduraduna, 17-12-2014

Lau hitz. Lau hitz hauekin hasi gara, jakinik sartzen garen eremua nahasia, polemikoa eta topikoz betea dela, eta hauentzat oraingoz ez dela irtenbide errazik ikusten.

Hasteko, auzia zein ikuspuntutatik aztertu behar den erabaki beharko genuke. Ezin dira migrazioa eta gizarte-prestazioak nahastu, pobrezia eta kolonizazioaz mintzatu gabe (nork zor dio zer nori?). Ez dago politika publikoen mugak eta gizarte-laguntzetan izaten den iruzurra aipatzerik, murrizketa austerizidez eta desberdintasun eta bazterketa sozialaren gorakadaz mintzatu gabe. Pobreziaren edota immigranteek pairatzen duten desberdintasunaren ondorioez mintzatuz gero, ezinbestean auzi honen erroetara jo behar da.

Gizarte-prestazioak eta iruzurra lotzea eragiketa arriskutsua dugu. Xehetasunetan sartuz gero, eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak piztu duen polemikari helduta, komeni da gogoratzea eskubide subjektibo batez ari garela, eta, horrenbestez, derrigor bete beharrekoa; beraz, ez dago aurrekontu nahikoa izatearen baitan.

«Bizikidetza-unitate orori gutxieneko eskubide bermatu batzuk zor zaizkio». Hori da prestazio honen ideia edo filosofia nagusia, eta ez litzateke baztertu beharko. Litekeena da tresnak akatsak izatea, baina okerra da pentsatzea berez sortzen dituela iruzurra eta arazoak. Inork ez dizkigu orain arte lortutako babes eta solidaritate kolektiboko tresna urriak oparitu; berrikusteko eta hobetzeko modukoak izan arren, laguntza bera zalantzan jartzeak jasotzen duenarekiko mesfidantza eta susmoa hedatzen du.

Pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun soziala azken urteotan hazi egin dira, eta honen eragina batik bat immigranteek jasan dute. Pobrezia, era berean, ez da neutrala, ez ditu berdin kolpatzen emakume zein gizonak. Zentzu honetan, pobreziaren feminizazioak betikotzen jarraitzen du.

Bestalde, ez da egia gure gizarte-babeseko sistema edozein immigrantek goza dezakeen panazea denik. Aitzitik, azkenaldian murrizketak ezarri dira eta prestazioak jasotzeko eskakizunak zorroztu egin dira; esaterako, erroldatuta egondako epea urtebetetik hiru urtera luzatuta. Era berean, Eusko Jaurlaritzak duela gutxi osasun-arreta mugatu egin die erroldatuta urtebete daramatela edota diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutela egiaztatu ezin duten immigranteei.

Horrenbestez, egoera honetan baliabideak gehitu egin beharko lirateke inork ez dezan pairatu pobrezia edo bazterketa soziala, baina beste zerbait egiten da: Pobrezia kriminalizatu eta giro xenofoboa zabaldu. Pobreen arteko gerra piztea estrategia erraza da, eta helburu argia du, epe labur eta ertaineko botoetan etekina ateratzea. Eztabaida nahastu eta manipulatuta, gure jendartean datzan desberdintasunaren eta diskriminazio estrukturalaren errora jo ezean azalean geratzen gara. Arazoa laburbiltzeko, esaten da gure sistemaz profitatzera datozen pertsona eta talde jakin batzuek iruzur egiten dutela.

Beraz, nondik begiratzen diegun, errealitateak desberdinak dira, eta arazoari zein ikuspuntutatik heltzen zaion, irtenbide eta sendagai desberdinak hautatzen dira.

Javier Maroto Gasteizko alkatea auzi honetan ostikoka eta zalapartaka sartu da, esan baitu batez ere magrebtar jatorriko kolektibo jakin batzuen menpekotasuna amaitu beharrekoa dela, ez dagokien laguntza sozial bat erabiltzen omen duten heinean.

Ideia edo mantra honek jendartearen iruditeria eta subkontzientean oihartzuna du, eta okerrena da ustezko egia berdadero hauek, agintari publikoek ere errepikatzen dituztenak, pertsona batzuengan sartzen direnean, hauek iristen direla sinestera zerbait egiteko eskubidea dutela. Hala gertatu zen gasteiztar gazte bati eraso zion gizon batekin, mutilak immigrante batzuk defenditu zituelako herritarren arretarako ilara batean zain zeudela. Antzekoa izan zen burua estalita zeraman emakume bati autobus publiko batean sartzea galarazi zion gidariaren kasua. Bi gertakariak oso epe laburrean eta hiri berean gertatu ziren. Kasualitatea ala ondorio logikoa?

Gertakari berdinak era desberdinean irakur badaitezke ere, oinarrizko bizikidetza eta kohesio arauak hausteko arrisku handia dago.

Asko dago jokoan. Pobrezia gero eta hedatuago dago, baina gero eta eraso latzagoak egiten zaizkie behartsuei, adierazpide arrazista eta xenofoboak barne. Herritarren arteko bizikidetza arauak nork ezartzen dituen, eta nola, jendarte eredu batera edo bestera eraman gaitzake. Gaur jopuntuan jarri dituzte pertsona eta kolektibo jakin batzuk; bihar noren txanda izango da?

Horregatik, abenduaren 18 honetan, immigrazioaren nazioarteko egunez alegia, ELAk adierazi nahi du arbuiatu egiten duela edozein ekintza edo jarrera arrazista zein xenofobo, nola lan munduan hala gizartean, eta hitzematen du beste kulturekiko errespetuz jokatuko duen gizarte baten alde egingo duela, pertsona guztientzat, edozein jatorritakoak direla ere, bizimodu duina bermatzen duen gizartea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)