Kulturen arteko topaketak antolatu dituzte Tolosa, Irura eta Amasa-Villabonan

Diario Vasco, I. MARÍN, 12-12-2014

Bihartik aurrera eta hilaren 22a arte Tolosaldean aurkitu daitezken kultura aniztasunak ezagutzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte eskualdeko zenbait elkartek, Tolosaldea Garatzenek eta Tolosa, Amasa – Villabona eta Irurako Udalek. ‘Mundu bat Tolosaldean’ lelopean bi helburu bete nahi dira topaketa hauekin, «batetik, eskualdera bizitzera etorri diren jatorri ezberdinetako pertsonen errealitatea ezagutzea eta bestetik guztiok elkar ezagutzeko guneak sortzea» esan zuen atzoko aurkezpenean Mikel Arreseigorrek, Tolosako Udaleko zinegotziak. Hilaren 18an ospatzen den Etorkinen Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi dute antolatzaileek prestatutako ekintzekin.

Antzerkia eta musika Tolosan

Aurkeztutako programaren lehen ekitaldiak Tolosan ospatuko dira bihar. Goizeko 10:30ean, Trianguloan, antzerki foro bat prestatu dute ‘Ni ez naiz arrazista, baina…’ titulupean. Lan honekin hainbat galdera erantzun nahi dira, adibidez, ‘nola eragiten digu arrazakeriak?’ edo ‘zenbateraino gara arrazistak gu geu?’. Larunbatean bertan, arratsaldeko 19:30ean Zerkausian, musikaren txanda izango da Duo Jade talde kubatarrarekin. Igandean, aldiz, topaketa hauek Amasa – Villabonan egingo dira. Herriko Gurea zineman, 17:30ean, Oskar Tejedorren ‘Compañeras de viaje’ dokumentala ikusteko aukera izango da.

Datorren asterako ikuskizun gehiago antolatu dira. Asteazkenean, arratsaldeko 18:30ean Topic – en, ‘Zoritxarrezko babutxak’ ipuin antzeztua taularatuko dute Kolore Guztiak Kulturarteko kideek euskaraz eta arabieraz. Hilaren 22an lan hau Irurako kulturunean aurkeztuko da, 18.30ean. Amaitzeko, abenduaren 20an, Tolosako Gabonetako Azoka Berezian, jatorri ezberdineko gozoak dastatzeko aukera izango da Gure – tzako taldeko emakumeen eskutik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)