Siria: iheslariak kale itsuan
Berria, , 09-12-2014Lehen, larria zen, eta are eta larriagoa izan daiteke laster Siriako gatazkak eragindako giza tragedia. Duela astebete ohartarazi zuen NBEko Elikagaien Munduko Programak ez daukala dirurik eta, beraz, 1,7 milioi iheslari siriarri jaten ematen zien sistema hankaz gora dagoela. Neguaren atarian, Iraken, Egipton, Libanon, Turkian eta Jordanian bizi diren iheslariak bi aukera zein baino zein txarragoren artean hautatu beharrean geratu dira: Siriara itzultzea, alde egitera behartu zituen gatazkak bere horretan jarraitzen badu ere; edo dagoeneko gainezka dauden errefuxiatuen kanpaleku batera joatea, negu gorria kanpadenda edo txapazko etxola batean pasatzera.
Siriako gatazkak XXI. mendeko iheslari mugimendurik handiena eragin du, 3,2 milioi lagunek utzi behar izan baitute herrialdea liskarrak hasi zirenetik. Baina munduak ez ikusiarena egiten jarraitzen du. Europako Batasunean bi estatuk bakarrik erantzun diote neurri onean NBEk egindako deiari: Alemaniak eta Suediak. Gainerakoei engaiamendu handiagoa eskatu diete, besteak beste, Frantziari eta Espainiari.
Mendebaldeak erantzukizun handia du Siriako gatazkan, militarki eta politikoki babestu baititu gobernuaren oposizioko taldeak. Orain gatazkak sortutako ondorioei bizkar ematea giza hondamendiaren erantzule bihurtzen du, konplize edo kriminal.
(Puede haber caducado)