Asiloa eskatzen dutenei «homosexualitate probak» egitea debekatu du Europak

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak zehaztu du kasuak banaka aztertu behar direla, duintasuna eta bizitza pribatua bermatuz

Berria, , 04-12-2014

Sexu joeragatik jazarri zaizkiela argudiatuta asiloa eskatzen duten pertsonen sinesgarritasuna ebalua daitekeela jakinarazi du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, baina gutxieneko mugak errespetatu behar direla erantsi du; Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak zehazten dituenak, hain zuzen. Hala, «homosexualitate probak» debekatu ditu: sexu harremanen inguruko xehetasunik ezingo zaie eskatu, ezta harremanon ikus-entzunezko frogarik ere.

Herbehereetako Gobernuak Luxenburgoko auzitegira jo zuen gaiari buruzko argibide bila. Hiru gizonek asiloa eskatu zuten han, homosexualak izateagatik jatorrizko herrialdean jazarri egingo zitzaizkiela argudiatuta. Gobernuak asiloa ukatu zien, sexu joera egiaztatzerik izan ez zutela argudiatuta. Europako Auzitegiko abokatu nagusiak argitu du estatuek eskaera egiten dutenen kasuak azter ditzaketela, betiere banaka, eta pertsonaren duintasuna eta intimitatea errespetatuta.

Horren harira lau aholku eman dizkie EBko herrialdeei. Batetik, ezin da eskaera atzera bota eskatzaileak ez baditu erantzuten estereotipoetan oinarritutako galderak. Bestetik, ezin zaie eskatzaileei galdetu haien praktika sexualengatik. Halaber, ezin zaie eskatu haien sexu joera «azterketa mediko edo sasimedikoen» bitartez egiaztatzeko, ezta ikus-entzunezko materialaren bidez ere. Azkenik, ezin zaio eskaerari sinesgarritasuna kendu eskatzaileak bere bizitzari buruzko galderei erantzuteko «erreparoa» badu.

Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzorde CEARek gogorarazi du asilo eskubidea ezbaian dagoela zenbait herrialdetan, Espainian kasurako, eta jazarpena egiaztatzeko zailtasunak daudela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)