SOS Arrazakeriak kereila bat ipini du De Andresen aurka, laidoak egotzita

Gizarte laguntzak «arpilatzea» leporatu zion Arabako diputatu nagusiak etorkinen aldeko taldeari. Hura deklaratzera deitzeko eskatu dute

Berria, , 03-12-2014

Esan eta egin. Kereila bat aurkeztu zuen atzo Arabako SOS Arrazakeriako ordezkari Fede Garciak Javier de Andres ahaldun nagusiaren kontra Gasteizko Justizia Jauregian. Diputatuak salaketa gogorrak egin zituen irailean etorkinen elkartearen kontra: «iruzurrean maisu» izatea leporatu zien bertako arduradunei, eta «gizarte laguntzak arpilatzen» jardutea. Laido baztergarriak dira horiek guztiak SOS Arrazakeriaren ustez, onartezinak, eta horregatik ebatzi zuten atzo kereila jartzea. Aurretik, iragan azaroaren 3an, egin zuten adiskidetze ahalegin bat epaitegian, baina diputatu nagusiak irmo eutsi zion topaketa hartan etorkinen aldeko elkartearen kontra, eta horregatik erabaki dute orain kereila jartzea. Eskaria egin dute: deitzeko De Andres deklaratzera.

PPko buruzagiak esandakoak jasota geratu dira hedabideetan, eta horietan irakurri ahal izan diren albisteen txosten bat prestatu dute SOS Arrazakeriakoek kereilarekin. Izan ere, hitz horien muina faltsua dela diote: ahaldun nagusiak egozten die 1.200 etorkin era «fikziozko» batean erroldatzea, baina beraiek diote ez dagoela deus legez kanpokoa erroldatze horietan. Eta aspaldiko kontua dela, gainera: «Zergatik atera orain duela 15 urteko gai hau?».

Marotoren itzala

De Andres ez da azkenaldian etorkinek jasotzen dituzten gizarte laguntzez kritiko mintzatu den PPko buru bakarra; Javier Maroto Gasteizko alkateak ere harrabots handia eragin duten adierazpenak egin zituen udan: gizarte laguntzen kontura bizitzea egotzi zien magrebtarrei. Hitz horien harira ere auzitara jo zuen SOS Arrazakeriak, eta alkateak bereari eutsi zion epaitegian. Adierazpen horiekin elkarbizitzaren aurka egitea egotzi diote hainbat tokitatik. SOS Arrazakeriak atzo salatu zuen, esaterako, ez dutela aurkitu kereila izenpetzeko prest zegoen prokuradorerik. Giro gaiztotuari leporatu diote hori. Alkatea beren kontra ere orain gaizki esaka ari dela salatu dute, eta aztertzen ari direla beste kereila bat jartzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)