Bilbon etxepeetan gurtzarako tokiak jartzeko debekua eten du auzitegiak
Udalak ez zuen bete legea, epaileen arabera: araua aldatzeko bidean ez zuen ziurtatu herritarren partaidetza. Arauaren funtsa babestu egin dute
Berria, , 27-11-2014Prozeduran forma akats bat egin zutelako, auzitegiak bertan behera utzi du Bilboko etxepeetan gurtzarako tokiak jartzeko debekua. EAEko Auzitegi Nagusiaren arabera, araua aldatzeko tramitazioan udalak toki eman behar zion herritarren parte hartzeari, baina ez zuen hala egin. Horregatik, tramitazioa okerra izan zelako, bertan behera utzi du araua. Epaileak ez dira auziaren muinean sartu kasu honetan, baina kontuan izatekoa da Auzitegi Nagusiak berak legezkotzat joa duela debekua. Legea eteteko erabakiari helegitea jartzeko aukera dauka udalak.
Iazkoa da arau aldaketa. Hiri Antolamendurako Plan Nagusiko atal bat moldatu zuen, etxebizitza blokeen azpian erlijio lekuak jartzea galarazteko. EAJren botoekin atera zen proposamena aurrera —izatez, Iñaki Azkuna alkatea joan zen botoa ematera; hilabete luzeetan atzeratu zuten bozketa, haren osasun arazoengatik—. PPk abstentziora jo zuen; PSE eta Bildu kontra agertu ziren.
Eliza katolikoari ez, beste erlijio batzuetako erakundeei eragin die neurriak batez ere, haiek jartzen dituztelako lokalak etxepeetan. Hain zuzen, bi meskita jartzeko eskariaren ondoren aldatu zuen legea udalak; gurtza toki horiek jartzekoak zituzten inguruko bizilagunek protestak egin zituzten, eta hirigintza plana aldatu zuen udalak, horrelakoak saihesteko. Etorkinen eskubideen alde aritzen diren taldeek«diskriminatzailetzat» jo zuten erabaki hura.
Gorenera jotzeko aukera
Bi elkartek auzitara jo zuten: Espainiako Kontseilu Islamikoak eta Euskadiko Kontseilu Ebanjelikoak. Azken horren helegitea hartu du aintzat auzitegiak; erlijio komunitateei nabarmen eragiten diela debekuak, eta, beraz, haien parte hartzea bideratu behar zuela udalak. Araua bertan behera geratu da, baina udalak Espainiako Auzitegi Gorenera jo dezake.
Auzitegi Nagusiak debekuaren muina babestua du aurrez. Kontseilu Islamikoak salatu zuen gurtza lekuak jartzeko debekua askatasun erlijiosoaren aurkakoa dela. Ezetz ebatzi zuten epaileek.
(Puede haber caducado)