Wilson eta gu
Berria, , 26-11-2014Erraz asma liteke zer gertatuko zen baldin eta kontuak alderantziz izan balira. Alegia, polizia zuri baten tiroak jaso beharrean, Michale Brown 18 urteko gazte beltzak pistola bat hartu eta Darren Wilson polizia zuria hil izan balu. Epaileek ez zuten horrenbesteko erreparorik izango, ez horrenbeste frogarik eskatuko, gazte beltza espetxera bidaltzeko. Are eta gehiago, pentsa liteke Missouriko estatuan indarrean den heriotza zigorraren mailuak bete-betean joko zuela gaztea. Gauzak hala gertatzen baitira jostailuzko pistolak edukitzeagatik mutiko beltzak hiltzea ia normala den herrialdean. Presidente beltza izateak ez du berehala sendatuko mendeetako ezinikusi eta arraza bereizkeria. Brown zerrenda luze eta triste baten beste katebegi bat besterik ez da.
Saint Louis konderriko fiskaltzaren erabakiaren berri jakin orduko, sutan jarri dira Ferguson eta AEBetako beste hainbat hiritako kaleak. Liskarrek oihartzuna izan dute mundu osoko hedabideetan, eta zeresana eman du Justiziaren erabakiak eragindako bidegabekeriak.
Ez da gutxiagorako, baina, pentsatzen hasita, uste baino gertuago dago Ferguson guregandik. Bi urte eta erdi dira ertzain batek Iñigo Cabacas gazte bilbotarra hil zuela, Athleticen partida baten ondorengo liskarretan. Kasu horretan ez erakundeek, ez Poliziak, ezta fiskalek ere ez dute ahaleginik egin erruduna aurkitzeko eta Justiziaren esku uzteko. AEBetan, gutxienez, izen bat jarri diote hiltzaileari.
(Puede haber caducado)