Matxinada giroa Fergusonen

AEBetan liskar larriak izan dira, udan gazte beltz bat hil zuen polizia zuria ez dutelako auzipetuko

Berria, , 26-11-2014

Tentsioa anitz hazten ari zen azken egunetan Missouriko Ferguson hirian. AEBetako Gobernuak berak, Fergusongo Udalak eta bertze zenbait erakundek lasaitasunerako deiak eginak zituzten, eta, horrek, aldi berean, ez zuen deus onik iragartzen. Eta, azkenean, gertatu da. Epaimahaiak erabaki du abuztuan Michael Brown gazte beltza hil zuen polizia zuria kargurik gabe libre uztea, eta, horrek, sua piztu du Fergusonen. Herenegun arratsean, erabakia jakin eta berehala, liskar larriak piztu ziren hirian. Laurogei lagun inguru atxilotu zituzten, eta borroketan dozena bat eraikini eta hainbat autori —batzuk, Poliziarenak— su eman zieten manifestari taldeek. Tiroak jaurtitzea ere egotzi diote elkarri Poliziak eta manifestariek. Fergusongo metxa ere hiri gehiagotara zabaldu da —Saint Louisera, Washingtonera, New Yorkera, Los Angelesera, Chicagora…—, eta ez dirudi berehala itzaliko denik.

Abuztuaren 9an gertatu zen hilketa. Darren Wilson poliziak Brown 18 urteko gaztea hainbat aldiz tirokatu zuen. Brown ez zegoen armatuta. Epaimahaiaren ustez, ordea, ez dago behar bertzeko frogarik Wilson inputatzeko, haren aurka aurkeztutako bortz karguetako bakar batean ere —aitzinetik prestatutako hilketa zen larriena, eta arduragabekeria apalena—. Herenegun arratsean eman zuen erabakiaren berri Robert McCulloch Saint Louis konderriko fiskalak. Ordurako ehunka herritar elkartuta zeuden Fergusongo hainbat gunetan, eta, Brownen sendiaren eskariz, lau minutuko isilunea egin zuten epaimahaiaren erabakia entzun ondotik. Amorrua handia zen, ordea, eta liskarrak berehalakoan lehertu ziren.

Saint Louis Today egunkariaren arabera, atzoko 08:30etarako 23 lagun zeuden ospitalean zaurien ondorioz. Balaz zauritutakoak ere badaudela diote AEBetako hedabideek, baina ez dute zifra zehatzik eman. Agintariek salbuespeneko neurriak hartuta zeuzkaten Fergusonen. Guardia Nazionala eta FBI Polizia federaleko kideak hedatu zituzten, ibilgailu blindatuekin eta gogor armatuta; etxeratze agindua ezarria zuten, eta baita aire eremuko debekua ere. Abuztuan hilketaren ondoren hasi ziren liskarretan ere aire eremuko debekua ezarri zuten; hedabideek salatu zuten neurri horrekin eragotzi nahi zutela borroken irudiak airetik hartzea; agintariek hori ukatu eegin zuten. Dena den, segurtasun neurriek ez dituzte ez manifestazioak, ez liskarrak galarazi. Bart arratserako berriz ere elkarretaratze bat iragarria zuten Fergusongo West Florissant etorbidean.

Errotutako arazoa

Barack Obama presidenteak adierazi du «ulergarria» dela haserrea, baina epaimahaiaren erabakia errespetatzeko eskatu die manifestariei. «Arrazen arteko harremanetan anitz hobetu» dela uste du, baina oraindik «arazoak» daudela. AEBen historiako lehenbiziko presidente beltza da Obama. Karguan dagoenetik, ordea, Fergusongoa ez da horrelako lehenbiziko kasua. Ezagunena Trayvon Martin 17 urteko nerabearen hilketa izan zen, Floridan, duela bi urte; zaindari boluntario batek hil zuen. Berriki, joan den asteburuan, bertze bi hilketa gertatu ziren: Clevelandeko polizia batek 12 urteko haur bat hil zuen; haurrak eskuetan jostailuzko pistola bat zeraman; New Yorken, berriz, 28 urteko gazte bat hil zuten etxebizitza batean; ez zegoen armatuta.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)