Aniztasunaldia gogoeta gunea egingo da Donostian gaur eta bihar
Euskal Herriko aniztasunari eta haren kudeaketari buruzko gogoeta gune bat bezala sortu da
Diario Vasco, , 14-11-2014Aniztasunaldia egingo da Donostiako Bulebarrean gaur eta bihar, azaroaren 14an eta 15ean. Euskal Herriko aniztasunari eta haren kudeaketari buruzko gogoeta gune bat da Aniztasunaldia, non Gipuzkoako Foru Aldundiak alor honetan abian dituen bi lan ildo nagusiak biltzen diren. Halaber, jaigune bat ere izango da.
Itziar Pildain Migrazio eta Aniztasun foru zuzendariak azaldu duenez, “Aniztasunaldia migrazio eta aniztasunaren alorrean Foru Aldundia egiten ari den lana plazaratzeko gunea da”. “Foru gobernu honek argi du Euskal Herria eta Gipuzkoa oso anitzak direla herritarren jaioterri, identitate edo kultur jatorriari dagokionez, oso argi du hori balio positiboa dela eta oso argi du kudeaketa egokia egin behar dugula aniztasun hori kohesiorako eta elkarbizitzarako elementua izan dadin”, esan du.
Horretarako sortu zen, hain zuzen ere, Migrazio eta Aniztasun Zuzendaritza. Zuzendaritzak bi dinamika parte hartzaile ditu abian: “Jatorri Anitz Herri Bat”, batetik, eta “Udalanitz”, bestetik. Lehen dinamikan, elkarteetako eta mugimendu sozialetako ordezkariak daude, hainbat arlotakoak, haala nola kultura, sindikalgintza, euskalgintza eta hainbat komunitateren ordezkariak. Helburua aniztasuna eta bizikidetzaren inguruan gogoeta egin, erabakiak hartu eta proposamenak plazaratzea da.
Bestalde, “Udalanitz” dinamikan Gipuzkoako udaletako eta Foru Aldundiko ordezkari politikoek hartzen dute parte, elkarren arteko lankidetza eta aholkularitza sustatzeko.
Beraz, bi dinamika horiek kalera aterako dira Aniztasunaldian, datorren astean, hainbat ekimenen bitartez. Egitaraua oparoa da: mahai inguruak, hitzaldiak, word kafea, kontzertuak, film laburrak eta abar. Word kafean ehun lagun inguru elkartzea espero du Foru Aldundiak elkarbizitzarako erronkez gogoeta egiteko.
Xenofobiari aurre egiteko modua
“Gipuzkoako Foru Aldundiari garrantzitsua iruditzen zaio, une honetan, aniztasunaz parametro hauetan hitz egitea: balio positibo eta elkarbizitzarako faktore moduan. Izan ere, diskurtso kezkagarriak helarazten ari zaizkigu azken boladan zenbat instituzio eta alderdi politikotatik Euskal Herrian bertan; estereotipoetan oinarrituta, kolektibo osoak iruzurgile moduan erakusten ari dira, eta krisiaren erruduntzat jotzen ari dira”, adierazi du.
Pildainek azpimarratu du “diskurtso arrazista hori onartezina” dela, eta salatu egin behar dela. “Arduradun publikoek eredu izan behar dute eta ezin dute xenofobian oinarritutako mezurik zabaldu jendartean. Alde horretatik, Aniztasunaldia diskurtso xenofobo horiei aurre egiteko modua ere izango da”, gaineratu du.
(Puede haber caducado)