Susmopean dagoen eskubidea
Diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten bi lagunek «estigmatizatutako» eskubidea dela diote. Laguntzaren aurkako «desinformazio kanpainaren» atzeko gezurrez mintzo dira.
Berria, , 14-11-2014Ez da laguntza bat, eskubide bat baizik». David Urrutiak, 40 urteko gasteiztarrak, hala aldarrikatu du. «Horretarako lan egiten dut, baita zergak ordaindu ere; diru hori gizartera itzul dadin». Urrutia diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen ari da gaur egun, eta kezkaz bizi du Javier Maroto Gasteizko alkateak eta PPk eskubide horren aurka abiarazi duten kanpaina. Ikuspuntu bera du Kaddou Sbaik, Marokon jaio zen 49 urteko gasteiztarrak. «Egin dituzten akusazioak faltsuak dira».
Urrutiak nabarmendu du gizarteak laguntzaren pertzepzio ezkorra duela. «Zure eskubidea baliatzera bazoaz, estigma jartzen dizute; pobrea izateaz gain, ia bazterkeriaren mugan zaudela pentsatzen da». Marotok egoera horri probetxu atera nahi izan diola uste du, eta «herritarrak zatitzera jolastu» duela, hauteskundeetan etekina ateratzeko. Horretarako kolektibo ahulenaren aurka —magrebtarrak— jo duela dio, baina atzean bestelako asmoak daudela: «Gaur magrebtarrak dira, hori baitzaie errazena, baina atzetik gizarte laguntzekin bukatzeko helburua dute».
Sustatutako diskriminazioa «birus» bat dela uste du Sbaik, eta hori hedatzeko arriskuaz ohartarazi du. Izan ere, Gasteizko alkatearen akusazioen ondorioz herritar zenbaiten jarrera aldatu dela uste du. Ingurumari horretan, Sbaik eta Urrutiak gogora ekarri dituzte azken asteetako bi «jokabide xenofoboak»; batetik, gidari bat ikertzen ari dira, burka zeraman andre bati ez ziolako autobusean sartzen utzi; bestalde, etorkinak defendatzen ari zen gizon baten kontrako erasoa gaitzetsi du SOS Arrazakeriak. Halakoak saihesteko, barkamena eskatzea galdegin dio Sbaik alkateari.
Babes sistemaren aurka
PPren kanpainaren atzean babes sistemaren aurkako erasoa dagoela uste dute. Urrutiak ohartarazi du PPk proposatutako aldaketak onartuko balira pertsona askok galduko luketela errenta jasotzeko eskubidea: etorkin atzerritar askok, inoiz Gizarte Segurantzan ekarpenik egin ez duten ikasleek eta etxekoandreek, esaterako.
Errentari buruzko datuak «manipulatuta» daudela salatu du Urrutiak, eta «gezur» asko esan direla. Hain zuzen, azaldu du hertsiak direla eskubide hori baliatu ahal izateko egin beharreko izapideak eta Lanbidek —errenta kudeatzen duen zerbitzuak— ezartzen dituen baldintzak.
Lehenik eta behin, salatu dute ezarritako epeak eskubidea baliatu nahi dutenen aurka doazela. Gaur egun, pertsona batek laguntza eskatzen duenetik jasotzen duen arte, esaterako, lau hilabete igarotzen dira; itxaronaldia urtebetekoa ere izan zen duela bi urte. Ez da samurra izaten. «Errenta eskatzen duen pertsonak ez badu diru sarrerarik, nola biziko da paperak egiteko behar diren lau hilabeteetan?», galdetu du Sbaik. Horrez gain, errenta oinarrizko beharretarako baino ez dutela ematen esan du: alokairua, janaria eta antzekoetarako. Bestalde, Urrutiak azaldu du Lanbidek «oso gertuko jarraipena» egiten diela errenta jasotzen ari direnei. Jarraipen hori laguntza eskatzen denetik hasten da: azken sei hilabeteetako kontu korronteen mugimenduak, langile bizitzaren agiria… Dena begiratzen da. Etxekiderik izanez gero hori ere ikertzen dutela dio Urrutiak: «Etxekideak manten bazaitzake, harena da ardura, baita ezezagun bat bada ere!».
Horrez gain, errenta aitortua dutenen diru mugimenduetan zerbait «susmagarria» ikusiz gero, Lanbidek neurriak hartzen ditu, kasua ikertu bitartean. Urrutiak hori kritikatu du. «Gastu susmagarri bat ikertzen dutenean, eskubidea kentzen dizute, nahiz eta gero horren beharrik ez zegoela aitortu». Argitu bitartean bi hilabete igaro daitezkeela dio. Laguntza eteteko arrazoiak askotarikoak dira: sakelako telefonoaren faktura «gehiegizkotzat» jotzea, esaterako, aski da. «Lagun bati eten zioten ile apaindegia txartelarekin ordaintzeagatik».
Horien guztien ondorioz dituzten arazoez mintzo da Sbai. Berak eta emazteak, esaterako, bizikidetza unitate gisa, errentatik 351 euro jasotzen dituzte; Lanbidek kopuru hori aitortu zien andreak jasotzen zuen langabezia sariaren osagarri gisara. Ekainean, administrazioaren akats baten ondorioz, ordea, emazteari langabezia saria eten ziotela dio. Errenta osoa eskatu zuten orduan, baina Lanbidek ez zuen onartu; langabeziaren auzia argitu bitartean —otsailera arte— ez dute egoera aztertuko. Eta ataka zailean daude. «Errenta osoak oinarrizko beharretarako ematen du, baina 351 eurok? Nor da egoera honen arduraduna?».
(Puede haber caducado)