Iruzur sozialaren «deskubritzailea»

Maroto alkateak ez du atzera egin auzitegian: immigranteen kontrako adierazpenei eutsi die. Iruzurra «deskubritu» egin duela azaldu du. Hori «onartzea» egotzi die beste alderdiei

Berria, , 14-11-2014

Hedabideen aurrean etenik gabe egindako adierazpenen ondoren, auzitegian zuen hitzordua atzo Javier Marotok, Gasteizko alkateak. Salaketa: gizarte laguntzen jiran hasi duen kanpainan, etorkinen aurka jardun duela, gorrotoa bultzatzen —laguntzetatik bizi direla adierazi zuen, adibidez—. Ez du atzera egiteko asmorik, ordea. Gogortu egin du diskurtsoa, gainera: iruzurra «onartzea» egotzi die gainerako alderdiei. Bere burua, berriz, iruzurraren azaleratzaile gisa agertu du Gasteizko alkateak: «Iruzurra deskubritzeagatik, horregatik salatu naute».

SOS Arrazakeriak jo du auzitara, Marotoren adierazpenetan bi delitu ikusita: gorrotoa bultzatzea eta etorkinen eskubideen kontra egitea. EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsorok hartu du gaia bere gain. Oso aurretiazko fasean dago oraindik, hala ere. Lehen urratsa izan da alkatea deklaratzera deitzea; hark esandakoa aztertu ostean erabakiko du fiskal nagusiak auzia ireki edo bertan behera utzi.

Abokatu eta guzti joan zen Maroto auzitegira atzo, bere aurka salaketa bat duenez. Atarian protesta egin zuten dozena bat lagun pasatxok. Oihuka hartu zuten. «Hau geratu beharra dago», esan du SOS Arrazakeriako ordezkari Fede Garciak. Gizarte laguntzen kontrako «tsunamitzat» jo du alkatearen jarduna. «Adierazpen arrazista eta baztertzaile horiekin, gizarteari min egiten ari da».

Jaurlaritzaren datuak

Adierazpen arrazistarik ez duela egin berretsi du Marotok, ordea. Jatorri batzuetako herritarrak jomugan jarri zituela agerikoa da —laguntzetatik bizi zirela esatean, aljeriarrak eta marokoarrak aipatu zituen bereziki—, baina datuak zirela berretsi du. «Ez dut etorkinak kriminalizatzeko asmorik».

Jaurlaritzaren datuak ari da argudio gisa erabiltzen. Parlamentuan eskatu zituen zenbakiak Marotok, herritarren jatorriaren arabera bereizita. Kobratze desegokiak ageri dira datuetan —hiru urtean 86 milioi euro—, baina akatsa erakundeena da gehienetan. Eskatzailearen ondorioz bidegabe egindako ordainketak hogei milioirenak izan dira. Zuzenean «iruzur» egiteko asmoa zutenek 3,8 milioiko gastua sorrarazi dute.

Proportzioan, hogei milioi horiek gizarte laguntzetako diruaren %1,6 dira. Eta kopuru horren bosten bat ere ez da zuzenean iruzur egiteko asmoa zeukatenena, Jaurlaritzaren zenbakien arabera.

Marotok, baina, arazo handia ikusten du hor. «Kalean denek dakite hori». Lotura batzuk egin ditu, gainera. Delinkuentziarekin: «Badaude goizean delituak egin eta arratsaldean diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak». Eta paperik gabeko etorkinekin: «Egoera irregularrean dauden pertsonek 866 euroko soldata dute bizi diren arte».

PPren bakardadea

Aurkakotasun handia sortu du Marotoren ekinaldiak. Gasteizko hainbat pertsona ezagunek agiri bat egin dute, kanpaina «diskriminatzailea» amaitzeko eskatuz. Alderdi politikoen artean, inork ez du babestu Maroto. Legeari buruz eztabaidatzeari uko egin diote EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk, harik eta alkateak jarrera aldatu arte. ELAk ere ohar egin zuen atzo, esanez «pobreak pobreen aurka jartzea» dela kanpainaren helburua.

PPk, berriz, bandera gisa hartu du gaia. Marotok hasi zuen bidea, eta zuzendaritza erabat lotu zaio. «Iruzurra dagoela uste dute herritarrek; egunero ikusten dute», esan du Arantza Quiroga presidenteak. «Ez dugu nahi errenta aprobetxategiek eramatea. Elkartasunaz gain, justizia», erantsi du Nerea Llanos idazkari nagusiak.

Gainerako alderdiei begira jarri da Maroto orain, bozetako kutsuz. Iruzurraren erantzule egin ditu: «Gehiegikeriak ezagunak dira, eta beste alderdiek onartu egiten dituzte». PP bakarrik geratu dela ikusita, gaia kalera eraman nahi du Marotok: sinadura biltzen hasiko da, lege aldaketa eskatzeko. 30.000 behar ditu. Parlamentuan eztabaida behartu nahi du horrela. Plataforma bat ere osatu dute, sinadura bilketa hori bideratzeko.

Laguntzei buruz sortu du etorkinen inguruko eztabaida orain, baina lehen ere aritua da: mintzalekuei eta igerilekuetako arropei buruz, esaterako. Bide hori eten beharra dagoela ohartarazi du SOS Arrazakeriak, eta horretan ardura badutela azaldu die gainerako alderdiei. Proposamena egin die: zentsura mozio bat aurkeztuta, Maroto alkatetzatik botatzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)