Marokotik eta Errumaniatik, euskarara
Ibarran hamalau hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Euskararen bitartez jatorri guztietako herritarrak harremanetan jarri nahi dituzte
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 12-11-2014Ibarra herri euskalduna da. Azken urteotan, hala ere, Maroko, Errumania, Portugal edo Pakistandik iritsitako etorkinek ere Ibarran hartu dute bizilekua. Aniztasun hori kontutan hartuta eta euskara tresna moduan erabiliaz Auzoko proiektua garatzeari ekin dio UEMAk eta Euskaltzaleen Topaguneak Ibarran. Lierni Etxeberria ibartarrak hartu du egitasmo honen ardura eta gogotsu ekin dio lanari.
“Aniztasunean oinarri nahi dugu, Euskal Herrian eta Ibarran dugun errealitatea horrelakoa baita, ani – tza. Herritarrak harremanetan jar – tzeko eta elkar ezagutzeko aukerak sortu nahi ditugu”, azaldu du Etxeberriak Aniztasunean, elkarbizitza euskaraz! izenburua jarri dioten proiektuari buruz.
Hiru dira egitasmo honen helburuak. Alde batetik, euskaratik urrun daudenak euskarara hurbiltzeko pausoa ematera animatu nahi dituzte. Beste alde batetik, herritarrak herriko hizkuntza aniztasunaren jabe egitea ere bilatzen dute. Azkenik, euskara komunikazio eta kohesio hizkun – tza izatea proposatuko dute.
“Mintzapraktika gisako egitasmoa izango da, ez du inor euskaldun – tzeko asmorik, hori baino lehenagoko pauso bat da, herritarrak euskarara hurbiltzea, izan ere Ibarran 29 herrialdetatik etorritako herritarrak ditugu”, azaldu du Naiara Lopetegi, Emakumea eta Migrazioa arloko zinegotziak.
Eta nola gauzatuko da egitasmoa? Lierni Etxeberria koordinatzaileak astean behin biltzeko proposamena egin du auzotarrak (euskaratik hurbil diren pertsonak) eta auzokideak (euskaratik urrun bizi direnak) harremanetan jartzeko. Argitu behar da, hala ere, ez dabiltzala bereziki etorkinen bila. “Herritar guztiak onartzen ditugu, hemen jaioak badira ere euskara mendera – tzen ez dutenak edo euskara maila baxua dutenak, denak ongi – etorriak dira”, zehaztu du Etxeberriak.
Ostiralean lehen bilera
Saioetan aisia, euskara eta kultura uztartuko dituzte eta errepikapenen bidez euskara ikasteaz gain, ekintzak ere proposatzen dituzte. Hala nola, sukaldaritza elkartrukeak, irteerak edo jolasak egingo dituzte bizikidetza errazteko. Herrian antolatzen diren ekitaldietan ere parte hartzeko asmoa du taldeak. “Hasiera batean beharrezkoa izango da gure sustapena, baina helburua da etorkizunera begira talde honek modu naturalean funtzionatzea”, zehaztu du egitasmoaren arduradunak.
Herritar bakoitzaren sorterria, sustraiak eta ohiturak ezagutu eta errespetatuko dira Auzokon. “Modu ona iruditzen zaigu pixkanaka gure hizkuntza ezagutu eta ikasten jarraitzeko grina eta motibazioa pizteko. Integratzeko laguntza gisa ikus daiteke, hainbat hizkuntza eta kulturak ezagutzeko eta etorkinekiko ditugun aurreiritziak apurtzeko”, aldarrikatu dute sustatzaileek.
Lehenengo bilera ostiralean izango da, 17.30ean, Ibarrako kultur etxean. Izen – emate orriak kultur etxean, liburutegian eta udaletxeko Gizarte Zerbitzuetan eskuratu daitezke, nahiz eta ez den beharrezkoa aurrez izena ematea.
Etorkinak Ibarran
Herrialde nagusiak. Gaur egun marokoarrak dira etorkin gehienak (104), atzetik ondoko herrialdeetakoak daude: Errumania (44), Portugal (28), Nikaragua (30), Pakistan (20), Honduras (11), Ukrainia (8), Ekuador (7), Kolonbia (5) eta Mauritania (5).
Beste zenbait herrialde ordezkaritza txikiagoan. Kopuru txikiagoan bada ere, beste hainbat herrialdeetako etorkinak ere badaude gaur egun Ibarran: Frantzia, Dominikar Errepublika, Chile, Mexiko, Bolivia, Bulgaria, Brasil, Alemania, Errusia, Herbehereak, Aljeria, Argentina, Kuba, Peru, Polonia, Venezuela, Txina, Senegal eta Tayikistan.
zenbakia
295
Gaur egun 295 etorkin bizi dira Ibarran, mundu osoko herrialdeetatik iritsitakoak. Kopuruak gora egin du azken urteetan, izan ere Ibarrako Udalak emandako datuen arabera, 2003 urtean 60 etorkin zeuden herrian; 2011 urtean, 252; eta 2013an, berriz, 297.
(Puede haber caducado)