Gizonezko bat jo dute Gasteizen, etorkinak defendatzeagatik
Erietxera eraman dute, zauri arinak zituela. SOS Arrazakeriak eta udaleko oposizioak Marotoren «mezu arrazistarekin» lotu dute gertaera
Berria, , 05-11-2014Gizon bat jo zuten herenegun Gasteizen, etorkinak defendatzeagatik. Hiriburuko Pilar auzoko gizarte etxean izan zen erasoa, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Herritarren arretarako zerbitzuaren ilaran hainbat lagun zeuden zain, eta horietako bat etorkinen aurka hitz egiten hasi zen: bertan ez baleude ilara motzagoa litzatekeela, eta hobe luketela sorterrira itzuliko balira esan zien, besteak beste. Ilaran zegoen beste herritar batek kargu hartu zion, eta hark kolpeka erantzun zion. Txagorritxuko erietxera eraman zuten gizonezkoa, zauri arinekin buruan eta sorbaldan.
Segurtasun Sailak baieztatu du eztabaida hori gertatu zela, eta bertara joan zirela ertzainak. Erasotzailea identifikatu zutela baina ez zutela atxilotu gaineratu dute iturri horiek. Inolako salaketarik ez da aurkeztu gaur arte.
Azken hilabeteotan Javier Maroto Gasteizko alkateak eta PPko hainbat buruzagik gizarte laguntzak jasotzen dituzten etorkinei buruz egindako adierazpenek hirian sortutako giro nahasian gertatu da erasoa. Etorkinak gutxiesteko —batez ere magrebtarrak— alkateak eta Javier De Andres ahaldun nagusiak esandakoak oihartzun handia ari dira izaten. Kanpotar batzuek lanik egin nahi ez dutela eta gizarte laguntzetatik bizi nahi dutela esan dute maiz; kritika eta salaketa ugari egon badira ere, biek eutsi diote jarrerari.
SOS Arrazakeriak ere testuinguru horretan kokatu du asteleheneko erasoa. Fede Garcia eledunak gertatutakoa deitoratu, eta azkenaldian Marotok sortutako «giro nahasiaren» ondorio dela azpimarratu du. Erasoari «kutsu arrazista» ikusten dio Garciak, eta kezkatuta agertu da Gasteizen «gizarte haustura» agerian geratzen ari delako. «Erantzukizunez» jokatzeko eta etorkinak kriminalizatzeko kanpaina bertan behera uzteko eskatu die Garciak PPko buruei. Eta «neur» ditzatela gizarteko kolektibo jakin baten aurka esaten dituztenak.«Besteak iraintzeak eta estigmatizatzeak bizikidetza pozoitzen du».
Horrekin batera, SOS Arrazakeriak dei egin dio gizarteari «egoerak eskatzen duen neurriko» erantzuna ematera, «elkartasuna» sustatze aldera. Auzitegietara jotzeko aukera ez du baztertu elkarteak, baina biktimak salaketa jartzea ezinbestekoa dela gogoratu du Garciak.
Oposizioa Marotoren aurka
Gasteizko udalbatzan ere hizpide izan dute gertaera, eta oposizioko taldeek Marotoren «mezu xenofoboarekin eta arrazistarekin» lotu dute. Gertatutakoa aztertzeko eta erantzun bateratua adosteko, ezohiko bozeramaileen batzordea egiteko eskatu dute.
Gorka Urtaranek (EAJ) alkateari eskatu dio etorkinekiko jarrera alda dezala,«gasteiztarren arteko gurutzada» sortzen ari delako. Kike Fernandez de Pinedok (EH Bildu), berriz, Marotori aurpegiratu dio «nahita» piztu duela «xenofobiaren eta arrazismoaren garra». Patxi Lazcozek (PSE) gertaeren «erantzukizun politiko zuzena» egotzi dio PPri. Marotok erasoa gaitzetsi du, baina oposizioari «demagogia» egitea eta «arduragabe» aritzea egotzi dio.
(Puede haber caducado)