Hiri «irekia» aldarri

78 pertsona ezagunek agiri bat atera dute, Gasteizko alkateak eta PPko beste hainbat buruzagik bultzaturiko kanpaina «baztertzailea» salatzeko

Berria, Arantxa Iraola, 31-10-2014

Bost lerro dira, Gasteiz «irekia» aldarrikatzeko idatziak: «Gasteiztarrak gara eta maite dugun Gasteiz hiri irekia da, denok osatua, gehien behar dutenekin solidarioa eta aniztasunarekin adeitsua». Gasteizko kultur, kirol eta gizarte arloko 78 lagun ezagunek plazaratu berri duten agiriaren lehen hitzak dira. Atzo aurkeztu zuten, eta, esplikatu zutenez, «larritasun egoera» bati erantzuteko asmoz izkiriatutako hitzak dira. Izan ere, kezka eta ezinegona eragin dute azkenaldian Gasteizko alkate Javier Marotok eta PPko beste hainbat buruzagik gizarte laguntzak jasotzen dituzten etorkinei buruz egindako adierazpenek. Kanpaina «baztertzaile» baten erakusgarri direla uste dute agiriaren sinatzaileek —hala esplikatu dute deklarazioaren sarreran—, eta horregatik egin behar zaiela aurre.

Iragan udaran izan zuen auziak ernamuina. Lehendik ere egin izan zituen etorkinak gutxiesteko adierazpenak Marotok, baina uztailaren 16an irrati kate batean mintzatu zenean esandakoek aparteko asaldura eragin zuten. «Eskandaluzkoa da zenbait etorkinek gizarte laguntzekin egiten dutena», esan zuen. Magrebtarrak hartu zituen, bereziki, ahotan: esan zuen lanik egin nahi ez eta gizarte laguntzetatik bizi nahi zutela. «Gasteizera datoz gizarte laguntzetatik bizitzera, integratzeko inolako asmorik gabe, eta hori iruzurra da». Kritika eta salaketa ugari egin dira hitz horien inguruan, baina Marotok gotortuta jarraitu du bere jarreran; are gehiago, Eusko Legebiltzarrera ere eraman du proposamen bat, diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko baldintzak gehiago zorroztu daitezela eskatzeko.

Eta hilabeteotan izan da Araban antzeko jarrera gehiago PPko buruzagien partetik: irailean Arabako diputatu nagusi Javier de Andresek SOS Arrazakeriari egotzi zion 1.252 etorkini «gezurrezko erroldatze agiriak» ematea. Ez zen horrekin ase, eta adierazpen gogorrak egin zituen etorkinen alde ari den talde horren aurka.

Sona handiko sinatzaileak

Ingurumari nahaspilatsu horretan dator atzo plazaratutako agiria. Izenpea jarri dutenen artean pertsona oso ezagunak daude. Kulturaren arlokoak: Bernardo Atxaga, Toti Martinez de Lezea, Karmele Jaio, Lourdes Oñederra, Oihane Perea, Mikel Urdangarin, Gari, Josu Zabala, Unax Ugalde… Kirolariak: Juanito Oiartzabal, Iker Pou, Eneko Pou, Irati Anda… Politikan ibilitakoak: Jose Angel Cuerda, Amparo Las Heras… Agintariek «gizarte kohesioaren» alde egin behar dutela oroitarazi dute, hausturak saihestuz.

Deklarazioaren eragileek azaldu dutenez, akaso egingo dute beste ekintzaren bat ere PPko buruzagiek abiatutako kanpainaren aurka. Zerbait «indar handiagokoa» egitea aztertzen ari direla iragarri dute. Izan ere, ohartarazi dute biziki larria dela krisi garaiotan oinarrizko diru laguntzak auzitan jartzea eta, kontrara, «ustelkeria kasu eta diru xahuketa handiei» garrantzia kentzen ibiltzea. Gogora ekarri dute oinarrizko laguntza horiek ezinbestekoak direla gizartearen «kohesiorako» eta horien gabeziak egoera aski larrietara eraman ditzaketela Euskal Herriko milaka herritar.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)