Eusko Legebiltzarrak eskatu du bermatzeko larrialdiko gizarte laguntzetarako dirua
EAJk ez du bat egin oposizioaren eskariarekin, eskatzaile ororentzako aski «baliabide» ez dagoela arrazoituta. Oposizioa batu da eskarian
Berria, , 24-10-2014Larrialdietarako gizarte laguntzak bideratuta egoten dira egoera ekonomiko larrian dauden pertsonentzat, hainbat aparteko gastu bermatzeko, eta gizarte bazterkeria saihesten laguntzeko. Eusko Jaurlaritzak usu onartu du ezin izaten dituela ase jasotzen dituen eskari guztiak, eta, horregatik, atzo, EH Bilduk eta PSE-EEk bultzatuta, zuzenketa bat onartu zen Eusko Legebiltzarrean, laguntza horietarako dirua ugaritzeko galdeginez. Dagokion orori laguntza ematea; horixe eskaria. Puntu batzuetan PPren eta UPDren babesa ere izan zuen. EAJk, aldiz, kontrako boza eman zuen.
Amaia Agirre legebiltzarkide jeltzaleak egin zuen ezetzaren defentsa; izan ere, argudiatu zuen ez dagoela aski diru eskari guztiak asetzeko. Gogora ekarri zuen, gainera, laguntzak direla diru sarrera klase horiek, ez legez beti ase beharreko eskubide subjektiboak. Alderatu egin zituen, era berean, diru sarrerak bermatzeko errentarekin; egoera ekonomiko eskasean dauden pertsona askoren diru iturri bakarra izaten da maiz errenta hori, eta bermatu beharrekoa dela esan zuen. Oposizioko alderdiek, ordea, ez zituzten egokitzat jo jeltzalearen argudioak; «borondate politiko» egokia balego ase gabeko eskaririk ez legokeela esan zuten.
Lehengo urtean ere eskakizun hori bera egin zuen oposizioak Eusko Legebiltzarrean, eta orduan ere argi utzi zuten jeltzaleek laguntza horiek bermatzeko modurik ez zutela ikusten beraiek.
Aburtoren azalpenak
Diru sarrerak bermatzeko errenta ere polemikaren zurrunbiloan dago azkenaldian. PPko hainbat buruzagik kritika ugari egin dituzte, eta zuzenean jo dute laguntza horietan izan diren «iruzurrak» etorkinekin lotzera. Gizarte Politiken sailburu Juan Mari Aburtok «nahasmendua» eragiten ari direla salatu zuen atzo.
(Puede haber caducado)