«Gizarte honek egoera traumatiko honi ondo erantzun zion, mendekurik gabe»
Gerrak Orion utzi zuen ubera kontatzen du Iñaki Iturainek bere azken liburuan. Ostegunean aurkeztu eta dagoeneko salgai da liburudendetan
Diario Vasco, , 18-10-2014Iñaki Iturain oriotarrak ‘1936ko gerraren ubera Orion – Gerra bat barruan degula’ liburua aurkeztu zuen pasa den ostegunean kultur etxean. Liburuan 1936ko gerrak Orion sortu zituen istorioak isladatzen ditu, istorio horien bidez osatutako historia da. Gerra hasi aurreko egoera politikoa agertzen du. Ondoren, gerrako pasadizoak. Gerra – fronterik ez zen apenas egon Orion: astebete soilik, Igeldorako bidean, baina guda harek herriko familia guztiei eragin zien. Denetik egon zen: hildakoak, zaurituak, zigortuak, lanetik kanporatuak, gerrara behartuak, atzerriratuak (ba – tzuk, betirako)… Handik aurrera ezer ez zen berdin izan inorentzat. 1936ko gerrak ubera triste eta mingarria utzi zuen Orioko herrian. Liburua dagoeneko salgai dago liburu dendetan 10 euroren truke. Bost tokitan jarri da liburua salgai: Iturain estankoan, Ontza liburu dendan, Mahuka paper dendan, Amaia estankoan eta kultur etxean.
- Iñaki, dagoeneko liburu mordoxka idatziak dituzu?
- Hau zazpigarrena dut. Lehenengoa 1991 urtean idatzi nuen. Orioko udalaren beka deialdi bat izan zen herriko euskararen azterketa egiteko. Loren Loidirekin batera idatzi nuen. Ondoren, Ibai Esoain eta Xabier Sukiarekin Orioko bertsolaritzari buruzkoa idatzi genuen; segidan, arraunari heldu nion, Orioko patroiei buruz idatzi nuen, nobela ikutu bat emanaz, bakoitzaren bizitza, gora – beherak pentsamenduak… Aginako Bruño familiari buruz ere idatzi nuen, hau enkarguz. Horren ondorioz, Aginako Festa ba – tzordearen beste enkargu bat jaso eta bertako arraunlariei buruz idazteko aukera izan nuen, elkartea sortu zeneko 50. urteurrena betetzen zela eta. Azken honen aurretik, 2007an, Orioko historia argazkitan plazaratu nuen: argazki bilduma aukeratu bat, argazki bakoitza bere istorioarekin lotuta.
- Eta nola bururatu zitzaizun gerrari buruz idaztea, gudak Orion izan zuen eraginari buruz?
- Faktore asko elkartu direla esango nuke. Gerrak betidanik erakarri nau etxean entzundako istorioengatik. Etxean entzundakoak, gure aitak bertan parte hartu zuen. Kontu asko nituen entzunak gerrarekin lotuak. Zubia ‘bolatu’ zutenekoa, hildakoak egon zirela, guztira 22 oriotar; atzerriratuak, zigortuak zaurituak. Guztiak ere, herriko kontuak. Hori dena kontatu ahal izateko, lehendabizi gerra zibilaren datu orokorrak ematen ditut, egoera nolakoa zen kontatzen dut, gerraren bilakaera azaldu aurretik. Ondoren, hemengo kasuak kontatzen ditut.
- Liburu ederra atera zaizu.
- Guztira 170 orrialdetako liburua atera zait. Hasieran azalpen orokor batzuk ematen ditut, nola zegoen 1936an egoera sozial – ekonomikoa Espainia eta Orion bereziki. Gerra nola hasi zen eta haren bilakaera. Orion 1936ko irailaren 20an sartu ziren. Zubia lehertu zuten; jende askok baporetan ihes egin zuen, Donibane Lohitzun – era, Inglaterrara, familia bat Argentinara… Herriko hildakoak ere izan ziren, batipat Batalla del Ebron. Bertan Orioko 9 lagun hil ziren, irabazleen bandokoak gainera. Frentetik aparte, bi herritar hil zituzten. Joxemari Carmona, Ondarretako gartzelan zegoela, errepresalia anarkista batean, eta bestetik Teodoro Mitxelena. Falangistek etxetik atera zuten eta Getariako kanposantuan hil. Inork ez daki non dagoen lurperatua, sekula omenaldi xume bat ez du jaso eta arrazoi honexegatik udaletxeko hiru alderdiek adostuta omenalditxo eta ekitalditxo bat egingo diote datorren ostiralean, hilak 24an, gizon haren kontra egindako barrabaskeria salatuz. Hirugarren bat ere hil zuten, Felipe Aierbe, Ataunen jaioa baina Orioko bizilaguna. Hau Falangistek hil zuten Bilbon 1937an, baina inork ez daki non dagoen lurperatuta. 15 urteko mutiko bat ere hil zen, anaiak gerratik ekarritako lehergailu batek eskutan eztanda eginda.
- Urte gogorrak izan ziren.
- Halaxe izan ziren. Nesken kontrako zigor krudelak ere ezagutu ziren. Adibidez, neskei ilea moztu eta kalean gora eta behera barregarri ibiltzen omen ziren; lana galdu zuten kasuak ere ezagutu ditugu: udaletxeko idazkaria, administraria eta botikarioa. Garai hartan etorri ziren kaleen izen aldaketa guztiak. Generalisimo Franco, Primo de Rivera, Plaza de España, Calvo Sotelo eta honelakoak. Ordenantza berriak ere sortu zituzten, kultur eta hondar – tzako ordenantzak; ordukoa da, esaterako, Txurrukako kanpamendu militarra sortzea gazteentzako edo Orioko gainean eraiki zen soldaduentzako kanpamendu militarra. Gosea ere etorri zen, urte tristeak izan ziren Orion; ubera tristea utzi zuen gerrak Orion. Hortik liburuaren izenburu deskriptiboaren zati bat. Beste izenburua, ‘Gerra bat barruan degula’, Benito Lertxundiren kantuak dakarren ohiartzuna da. Angel Lertxundiren iradokizuna izan zen; azken finean auzolana izan baita liburua. Azaleko argazkia Juana Mari Atorragastik utzi zizkidan argazkietako bat da. Maria Castañera deitzen omen zen, baina datu gehiago ez ditut lortu. Liburua garaia hartako argazki askorekin hornitua dago. Testu batzuk originalak dira, garaiko sententziak, erdaraz idatziak. Imanol Manterolak ere asko lagundu dit liburua osatzen. Hasieratik erakutsi zidan gerrako Orioko historia kontatzeko interesa.
- Ondoriorik?
- Ondorioak, nire ustean, irakurleak atera behar ditu, bakoitzak bere ezagutzatik. Hori ez dagokit niri. Ahozko testigantzekin lagundu didaten herritar guztiak eskertu nahi nituzke. Tristeena, dudarik gabe, 22 hildakoak dira, baina ondorio gisa esan dezaket gizarte honek egoera traumatiko honi ondo erantzun ziola, ez zela mendekurik egon. Urteetan errepresio kultural eta ideologiko handia jasan ondoren, herritarrek gerra atzean utzi eta elkar bizi – tzen jakin zuten.
(Puede haber caducado)