Aburto kexu da, PP oinarrizko errenta «desitxuratzen» ari delako
Sinadura bilketa egingo du Marotok, DBSEa murrizteko eskatzeko. Lanbidek datuak partekatuko ditu Bizkaiko Aldundiarekin
Berria, , 14-10-2014Oinarrizko errentaren inguruan PP «irudi desitxuratua» zabaltzen ari dela salatu du Juan Maria Aburtok, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, eta dei egin die beste alderdiei 1989an sari horren sorrera ahalbidetu zuen adostasuna berreskuratzeko.
Ez da lehen aldia Aburto gaiari buruz arduratuta azaltzen dela, baina sailburuari kezka handitu egin zaio ikusita Javier Maroto Gasteizko alkateak HEL herri ekinbide legegile bat hasiko duela etorkin askori, aurrez kotizatu ez dutenei edo delitu larriengatik zigortutakoei DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta kendu ahal izateko. Eztabaida hori kaletik atera nahi du Aburtok, «besterik gabe hedabideen edo sare sozialen bidez» sustatzeak ondorio «kaltegarriak» izan ditzakeelako, herritar asko eskatzaileen aurka jartzeraino. Horregatik, eztabaida «patxadaz» eta parlamentuan egiteko eskatu zien Aburtok PPkoei, sinadura bilketa bat hasi gabe. Ez da baikor, ordea, «ziur aski PPk beste zerbait lortu nahi duelako; polemika sortzea».
Aburtok gezurtatu egin zuen DSBE kontrolik gabe banatzen dela. Bere datuen arabera, 2012tik aurtengo irailera arte eskatzaileen 194.530 espediente aztertu ditu Lanbidek; horietatik 36.578 aldi baterako eten ditu, informazioa falta zelako edo eskaeretan akatsak zeudelako, beste 6.569 eskaera atzera bota ditu eta 6.996 laguntza ez berritzea erabaki du. Hau da, hilean 2.000 eskaera ez dituela onartu.
Kontrolak zorrozteko asmoa du Aburtok. Hurrengo asteotan Bizkaiko Aldundiarekin itun bat egingo du datuak partekatzeko; horri esker, «ustezko iruzurrak erakusten dituzten datuen azterketa masiboa» egingo du Lanbidek. Arabako eta Gipuzkoako aldundiekin ere antzeko tratua egin nahi du Aburtok.
«Kalearen indarra»
Sinadura bilketa bazterrean uzteko eskatu zion atzo Iñigo Urkulluk Marotori, aurrez aurre, baina ezezkoa eman zion Gasteizko alkateak. «Kalearen indarra» lortu nahi du Marotok, «nazkatuta daudenen indarra», oinarrizko errenta jasotzeko baldintzak gogortzerik nahi ez duten alderdiak mugiarazteko. Haren iritziz, oraingo legeak «abusuak» ahalbidetzen ditu.
(Puede haber caducado)