Marotoren tronpeta
Berria, , 09-10-2014Bertan bizitzea da herritartasuna lortzeko baldintza, bost lagunetik lauren iritziz. Eta bertan bizi diren herritar guztiek eskubide eta betebehar berak dituztela uste dute herritarren %87k.
Aztikerrek egindako inkestaren datuak iritsiko zaizkio Javier Maroto Gasteizko alkateari ere. Beharbada, poztuko da ikustean kanpoan jaiotakoen artean marokoarrei zaiela sinpatiarik gutxiena, magrebtarrengana bota baititu bere azkenaldiko notarik lodienetako batzuk. Baina zapuztuko du frogatzeak ez duela behar soinu jole xenofoborik botoz bete nahi lukeen orkestrak. Herritar gehienek jarrera positiboa dutelako kultur, hizkuntz eta jatorri aniztasunarekiko. Eta, gainera, jatorri jakin bateko herritarrekiko harremana handitu ahala areagotzen da sinpatia. Duela 30 urte Extremadurakoei buruz galdetuz gero ere, ez zen egungo sinpatia handia irtengo. Denborak elkar ulertzea eta konfiantza laguntzen ditu.
Euskal Herri osoan egin du Gipuzkoako Aldundiak inkesta, eta, kasu honetan, eskertzekoa da haren jarduera eremutik atera izana.
Baditu, jakina, alde ilunak. Marokoarrekiko eta errumaniarrekiko sinpatia indize negatiboa ezin liteke sintoma ontzat jo. Baina, oro har, herritarrek neurriz eta zentzuz bete dituzte elkarbizitzaren sinfoniaren notak. Eta agerian utzi dute, orkestra honetan, Marotoren tronpeta dagoela desafinatuta.
(Puede haber caducado)