Atzera egin, eta 90 euroko isuna ezarri dio fiskaltzak kaleko saltzaile bati
Bi urteko kartzela zigorra eta 2.700 euroko isuna eskatua zuen. Egile eskubideen kalte-ordainari eutsi dio. Etorkinen eredutzat jo dute elkarteek
Berria, , 26-09-2014Egun, kalean musika saltzeagatik ezar daitezkeen irizpide zorrotzenak zeuzkan buruan Gipuzkoako Fiskaltzak: bi urteko kartzelaldia, 2.700 euroko isuna, eta 500 euroko kalte-ordaina egile eskubideak kudeatzen dituzten hiru enpresari. Zigor eskakizun hori egin zuen 2010ean senegaldar batentzat; egin zitekeen handiena. Azkenean, ordea, eskaria apaldu du. Ezustean, falta arintzat jo, eta 90 euroko isuna ezarri dio. 500 euroko kalte-ordainari ere aurre egin beharko dio. 32 urteko gizonezkoa atzo epaitu zuten, Donostian.
Mbaye Fall du izena, eta paperik gabea da. Bilbon bizi da orain dela zortzi urtetik, eta, behin baino gehiagotan, kaleratzeko arriskuan egon da, sorterrira itzultzear. Maiatzean, propio etorkinak kanporatzeko hegaldi batean joateko zorian egon zen; baina, leku askirik ez, eta Bilbon geratu zen. «Zortea eduki zuen, zorionez», adierazi du haren abokatu Arturo Hernandezek. Euskal Herrian bizitzeko bi baimen eskatu ditu zortzi urtean, eta bietan ukatu diote. Dena dela, etsitzeko asmorik ez duela, ildo beretik jarraituko duela azaldu du Hernandezek: «Hori du amets. Gizarteratzeko erronka dauka; bereziki, bizi eta lan egiteko baimena jasotzeko».
Kale salmenta du bizibide; hain justu, lanean ari zela atxilo hartu zuten 2009. urteko abuztuan, Zarautzen (Gipuzkoa). 118 CD eta 45 DVD zeramatzan. Materiala salduz etekina atera nahi zuelakoan, jabetza intelektualaren kontrako delitua leporatu zioten. Alabaina, Fall ez da kaleko salmentara mugatu. «Apurka-apurka» gizarteratzeko ahaleginak egiten ari da, eta eman ditu aurrerapauso franko: gaztelania ikasten ari da, arotz eta soldatzaile gisa lanean jarduteko hainbat ikastaro egin ditu… Geldi egoten ez dakien horietakoa dela nabarmendu du abokatuak.
2006an iritsi zen Kanaria uharteetako Santa Cruz Tenerifekoa hirira. Orduz geroztik, «poz-pozik» bizi da Euskal Herrian, jaioterrira itzultzeko arriskua «etengabea» izan den arren. «Presente du egunero». Zehazki, horixe zen Fallen kezka nagusia: «Espetxera sartzeaz gainera, Senegalera itzuli beharra». Horrek mintzen zuen gehien. «Beldur zen». Nolanahi ere, berea lortu, eta, fiskaltzaren epaiarekin, kaleratzeko arriskua saihestu du. Horri esker, aurrerantzean ere lana bilatzen jarraitu ahalko du Fallek. «Baimena eskuratzeko ahaleginean segi dezake, behingoz. Eta ez da gutxi…».
Uko egiteko eskaera
Horrelako kasuen inguruan fiskalak «sentiberago» ikusten ditu senegaldarraren abokatuak. Hernandezek uste du «aldaketa erabatekoa» izan dela kasu honetan, eta, horrenbestez, «erraza» izan dela akordioa lortzea: «Berba egiteko oztoporik ez du jarri». Azkenaldian, «joera berri bat» antzematen ari da fiskalen jardunean. Onerako dela dio: «Ez dira hain zorrotzak. Beste begi batzuekin begiratzen dituzte halakoak. Legedia ere askoz hobea da». Ikuspuntu hori Gipuzkoara heltzen ari dela ziurtatu du Hernandezek: «Berandu, baina iristen ari da».
Mbolo Moy Doole eta SOS Arrazakeria elkarteek ere «ontzat» jo dute fiskaltzaren jarrera aldaketa. «Etorkin ugariren eredu bihurtu da Fall». Hala eta guztiz ere, kalte-ordainari uko egitea galdegin diete egile eskubideak kudeatzen dituzten hiru enpresari: SGAE, Agedi eta ADIVANi. Elkarteen irudiko, kalte-ordaina «ez dator bat» hark saldu zuenarekin. Horregatik, eta, isunaren ordainketa errazteko, «haren aurkako erantzukizun penalekin bukatzeko» deia egin diete. Auzira ez zen enpresa horien kiderik agertu. Abokatua baikor da. Ados jartzeko arazorik ez izatea espero du.
(Puede haber caducado)