Bi urteko zigorra eta 2.700 euroko isuna eskatu ditu fiskalak saltzaile batentzat

Auzipetuak 118 CD eta 45 DVD zeuzkan saltzeko. Gipuzkoako Fiskaltzak irizpide zorrotzenak erabili dituela salatu du SOS Arrazakeriak

Berria, , 18-09-2014

Bi urteko espetxealdia, 2.700 euroko isuna, eta 500 euroko kalte- ordaina egile eskubideak kudeatzen dituzten hiru enpresari. Kalean musika saltzeagatik egin daitekeen zigor eskaera handienetakoa egin du Gipuzkoako Fiskaltzak gizon senegaldar batentzat. Kezka agertu dute SOS Arrazakeria eta Mbolo Moy Doole elkarteek. «Zigor Kodearen interpretazio zorrotzena egiteko joera hartzen ari dira Gipuzkoan», adierazi du Mikel Mazkiaran Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kideak. Datorren ostegunean izango da epaiketa, Donostiako Zigor Arloko 1. Epaitegian.

Paperik gabea da auzipetua. Bilbon bizi da duela zazpi urtetik, eta kaleratze arriskuan izan da behin baino gehiagotan. Kale salmenta du bizibide; 2009ko udan atxilotu zuten, Zarautzen (Gipuzkoa), lanean ari zela: 118 CD eta 45 DVD zeramatzan. Material hura salduz etekina ateratzeko asmoa zuelakoan, jabetza intelektualaren aurkako delitua egotzi dio fiskalak. Baina kale salmenta txikiak ez dira delitu, arau-hauste baizik, Espainiako Zigor Kodean 2010ean egindako aldaketen ondorioz; hartara, kale saltzaileei espetxe zigorrik ez jartzea lortu zuten. Salbuespen batekin: etekina 400 eurotik gorakoa baldin bada, delitutzat jotzen da salmenta —Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroa prestatzen ari den erreformak puntu hori ezabatuko luke, eta berriz delitu bihurtuko salmenta oro—.

Salbuespen hori baliatu du fiskaltzak zigor eskaera zehaztean. SOS Arrazakeriaren arabera, baina, ez dago argi nola kalkulatu behar diren etekinok. Epaile batzuentzat, saltzaileak atxilotzeko unean daukan dirua da irizpide nagusia: eguneko irabaziak izaten direnez, nekez heltzen dira 50 eurora, beraz, ez dute delitutzat jotzen. Gipuzkoan, ordea, bestela kalkulatzen dute, Mazkiaranek azaldu duenez: «Kontuan hartzen dute zenbat irabaziko luketen daramaten material guztia salduz gero».

Mazkiaranek erantsi du «ulergaitza» zaiola fiskaltzak hartutako ildoa: «Kale salmenta ez da gai gatazkatsua Gipuzkoan, ez du beste lekuetan baino eragin handiagorik». Kontrako jardunik izan da, gainera. Bizkaiko SOS Arrazakeriako kide Patxi de la Fuentek gogora ekarri du lurralde horretako epaileek kale saltzaileak ez zigortzea sustatu zutela. Zigor Kodearen 2010eko erreformaren aurretik gertatu zen: «Kale salmenta txikiekin lotutako auziak administrazio zuzenbidearen bidez kudeatzea hobetsi zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiko Epaileen Batzordeak, salmenta horiek eragindako kalte ekonomikoak oso txikiak zirelako, eta ez zutelako zigor zuzenbidearen ildoa hartzeko behar adinako pisurik».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)