Herritarren bizi baldintzak ezagutu nahi ditu Udalak

Aste honetan bertan ekingo dio Azpeitiko pobrezia maila erreala ezagutzeko diagnostikoa egiteari

Diario Vasco, ELI AIZPURU, 16-09-2014

Udal Gobernuaren lehentasuna da herritarrei ahalik eta «zerbitzu eta laguntza hoberena» ematea, baina horretarako, beharrezkoa da jakitea «herriko egoera erreala, datu errealak». Ondorioz, pobrezia eta gizarte bazterketari aurre egiteko neurri eraginkorrak abian jartzea nahi ditu Azpeitiko Udalak. Modu honetan, Azpeitiko pobrezia ezagutzeko diagnostikoa egingo da. Herri mailan horrelako diagnostikoa egiten duen lehenbiziko udalerria da Azpeitia.

«Krisi ekonomikoak Azpeitian eragin dituen egoerak ezagutu nahi ditugu. Honela, herriko hainbat taldek egindako eskaerari erantzunez, azterketa soziologikoa egingo du Udalak. Izan ere, egun bizi dugun krisi garaian, bereziki garrantzitsua iruditzen zaigu hiritarren bizi baldintzen errealitatea ezagutzea», agertu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Leire Etxanizek.

Aste honetan bertan, irailaren bigarren astean, ekingo diete dianostikoa egiteari. SIIS enpresa arduratuko da horretaz. Zozketa bidez, hainbat herritar aukeratu dira eta hautatuei inkesta bat zuzenduko zaie, aurrez – aurre. «Herritarrei deia luzatu nahi diegu diagnostikoan parte har dezaten eta batipat, benetako egoeraren berri eman dezatela. Datu errealak behar baititugu, benetako egoera ezagutzeko», adierazi du Etxanizek.

Urte amaierarako

Ikerketa urte amaierarako amaitzea aurreikusten dute arduradunek eta emaitzak ere urte amaieran emango dira aditzera. Izan ere, herritarrei aurkeztuko zaizkie. Diagnostikoak Foru Aldundiak Gipuzkoa mailan eta Eusko Jaurlaritzak Euskadi mailan egindako azterketen emaitzekin alderatzeko balioko du. Baina, Udalren esanetan, asmoa ez da hor geratzea baizik eta behin emaiztak eskuetan, horiei aurre egteko lan egitea. «Asmoa Gizarte Zerbitzuak sailetik indarra eta esfortzua egitea da ikerketak emandako datuei aurre egiteko», amaitu du Etxanizek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)