Aniztasuna nagusi Usurbilgo kaleetan

Pilotalekuan jarritako postuetan bederatzi herrialde desberdinetako jakiak banatzen hasi zen

Diario Vasco, JOSU ARANBERRI , 16-09-2014

Munduko txoko desberdinak gertuago izan ziren pasa den larunbatean Usurbilen. Herrialde desberdinetako jendea bildu zen herriko frontoian arratsaldean zehar ospatu zen ‘Usurbil herri anitza’ ekimenean. Herriko kultur aniztasuna errekonozitzeko helburuarekin antolatutako ekimenean guztiek izan zuten bere tartetxoa, jaki prestaketa, dantza edo antzerki bidez.

Pilotalekuan jarritako postuetan bederatzi herrialde desberdinetako jakiak banatzen hai zen jaia. Aniztasunaren aldeko herritarren lantaldeko kideek, Mertxe Aizpurua alkateak eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eman zieten ongietorria bertan bildutakoei.

46 herrialdetako atzerritarrak daude herrian eta alkatearen esanetan «guztiok ditugu eskubide eta betebehar berberak, guztiok gara usurbildarrak eta hori da udalaren aldetik eman nahi dugun mezua».

Herritarrek herrialde desberdinetako jakiak probatzeko aukera izan zuten bertan jarritako postu desberdinetan, baina bestelako ekitaldirik ere izan zen. ‘Babutxa madarikatuak’ ipuin kontakizuna ikusteko aukera izan zen lehendabizi, Kolore Guztiak – eko Baraka taldearen eta Idoia Sanchez – en eskutik. Erraldoi eta buruhandiak ere dantzara irten ziren pilotalekuari kolore gehiago emanaz, eta ondoren, dantza saio desberdinetaz gozatzeko aukera ere izan zen.

Euskal dantzariak, afrikar dantzak. guztiek izan zuten beraien tartea. Izan ere, herriko dantzari txikiak herrialde desberdinetako banderekin sartu ziren pilotalekura eta herrian bizi diren atzerritarrek ere beraien dantzak erakusteko aukera paregabea izan zuten larunbat arratsaldean ospatu zen ekimenean.

Egunari amaiera emateko, berriz, ‘La Jodedera’ taldearekin nahikoa dantza egiteko aukera izan zuten herriko pilotalekuan bildutakoek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)