GIZARTEA

De Andresek "iruzurraren maisu" izatea egotzi dio SOS Arrazakeriari

Berria, Berria, 09-09-2014

Arabako ahaldun nagusiak esan du elkarteak ez duela “zilegitasunik” eta laguntzen “harrapaketa adibide” dela. Javier Maroto Gasteizko alkatea auzitara eraman zuen SOS Arrazakeria elkarteak, Marotok etorkinen hainbat kolektiboren laguntzei buruz eginiko adierazpen batzuk delitu izan zitezkeelakoan. Juan Kalparsoro EAEko fiskalak Marotoren hitzak ikertuko ditu, arrazakeria eta gorrotoa sustatu izan ditzakeelakoan.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak Maroto defendatu du, eta adierazi haren “ausardiaren” eraginez “disgustuak” izaten ari dela. Zilegitasuna ukatu dio SOS Arrazakeriari, eta elkarte horri “gizarte laguntzetako iruzurraren maisu eta kolaboratzaile nagusia” izatea egotzi dio.
Elkarteari, Gasteizko egoitzan 764 lagun erroldatuta eduki izana eta, hartara, iruzur egin izana leporatu dio De Andresek.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere gizarte laguntzak izan ditu hizpide. Esan du horien kudeaketa “hobetu” egin beharra dagoela, baina “arduraz” jokatzeko eskatu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)