Zirrikituetatik begira

Politikariak

Deia, Rikardo Arregi, 20-08-2014

Politikari batzuk entzutea etsigarria izan daiteke, baina egun baikorretan (edo depresibo nagoen egunetan, ez dakit) oso itxaropentsua dela uste dut: horko horrek duen mailarekin lortu badu kargu garrantzitsu hori, zer ez nuke nik lortuko horrelako asmorik banu? Pasa den asteburu honetan bertan izan dut berriro ere sentsazio hori Ceutako senatari Luz Elena Sanin en – tzun nuenean: zor publikoaren zergatiak eta jatorria aztertzen ari zela, esan zuen Zapaterorena izan zela errua (senataria PPkoa denez, gauza ez da berria) homosexualen eta lesbianen elkarteei diru asko eman zaielako. Ez naiz ezer asmatzen ari, benetan; senatariak berak azaldu zuen geroago hori ez zela esan nahi zuena, testuingurutik kanpo zeudela hitzok eta politikariek usu erabiltzen dituzten sasiargudio horiek guztiak gehiegi berotzen direnean. Zinez uste dut paper hobea egingo nukeela nik Espainiako Senatuan ekonomiaz gutxitxo dakidan arren.

Senatari horrena kasu bat besterik ez dela esango du norbaitek, PPkoak irekiagoak direla eta alderdi horretan badirela gay eta lesbianak. Baina egunerokoak ezeztatzen du uste hori behin eta berriz. Orain dela gutxi Kataluniako Parlamentuak LGBTIfobiaren kontrako legea proposatu zuen eta PPk (baita Unió – k ere) berehala eraman zuen Estatutuaren Bermerako Batzordera legea oztopatzeko asmo argiarekin. Batzordeak erabaki berri du legeak aurrera egiten ahal duela eta badirudi urrian onartuko dutela.

PPk denetarik erabiltzen du, eta erabiliko du, udal hauteskundeak hurbildu ahala: pobreak izan ziren hasieran (dirulaguntzekin plasma telebistak erosten zituztela edo eskoletako jantokiak udan irekitzeak irudi txarra ematen zuela, gogoratzen zarete?); etorkinak gero (Maroto alkatea txapeldun dutela, baina badira beste asko); eta marikak eta lesbianak, orain. Hemendik aurrera edozein alkatek, senatarik edo zinegotik ahotzarra irekiko du ergelkerien maila biderkatzeko; bien bitartean gu, hautesleok, gutariko edozeinek gauzak askoz hobeto egingo lituzkeela geratuko gara pentsatzen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)