Gizartea

Maroto 'persona non grata' izendatzeko eskatu du SOS Arrazakeriak

Berria, Berria, 11-08-2014

Gasteizko alkateari “oker” jokatu duela aitortzeko esan diote, eta barkamena eskatu behar diela “modu bidegabean” aipatutako kolektiboei. Gasteizko alkate Javier Marotok magrebtarrei buruz egindako adierazpenek erreakzioak eragiten dituzte oraindik ere. Gaur bertan, SOS Arrazakeria plataformak iragarri du PPko kidea persona non grata izendatzeko eskatuko duela, hark egindako “okerra” aitortu eta barkamena eskatu ezean. “Marotok onartu ezineko mugak gainditu ditu, eta modu bidegabean aipatutako kolektiboei barkamena eskatzea da arazo hau konpontzeko bide bakarra”, ohartarazi du Fede Garciak, plataformako eledunak.
Beraz, jarrera aldatu ezean, erakundeak ekimenarekin bat egiteko gonbita egingo die oposizioko taldeei, EAEn lehen aldiz, alkatea persona non grata izenda dezaten.
Bestetik, Garciak eskaera bat egin die oposizioko taldeei, bat egin dezaten eurek eta Ongi Etorri plataformak aurkeztutako salaketarekin. Haren arabera, Marotoren adierazpenek legea urratzen dute, “gorrotoa bultzatu” eta “pertsonen duintasuna urratzen” dutelako.
Horretaz gain, SOS Arrazakeriak proposatuko die legebiltzarreko zenbait talderi Maroko gaitzesteko tramiteak has ditzatela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)