Gizartea

Jaurlaritzak 4,5 milioi euro eman ditu botikak ordaintzeko laguntzetan

Berria, Berria, 28-07-2014

Eskaera egin zuten 93.200 gaixoetatik %94 onartu ditu Osasun Sailak. Baliabide gutxiko pentsiodunak dira gehienak. Osasun Sailak gaur jakinarazi dituen datuen arabera, botikak ordaintzeko laguntza eskatu dutenek 57na euro jaso dituzte batez beste. Orotara, 4,5 milioi euro eman dituzte laguntzetan. Ia 80.000 lagunek jaso dute laguntza. Espainiako Gobernuak botikak bitan ordaintzeko neurriak baliabide gutxien duten pertsonengan ez eragiteko neurritzat aurkeztu zuen hau Jon Darpon Osasun sailburuak. Laguntzaren helburua da baliabide gutxien dutenek tratamendua egiten segitu ahal izatea. Neurriak atzera begirako eragina du. Onuradunek aukera dute 2013ko uztailaren 1etik, hau da, Espainiako Gobernuaren neurria EAEn ezarri zenetik botiketan erabilitako dirua eskatzeko.
Laguntza eskatzeko aukera dute urtean 18.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten pentsiodunek —funtzionario publiko, justizia arloko eta militar profesional izandakoak barne— zein haien onuradunek. Langabezia laguntzarik eta diru sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten langabeek ere eskatu ahal dute. Azkenik, egoera irregularrean dauden eta baliabiderik ez duten pertsona atzerritarrek ere eskatu ahal dute, urtebeteko errolda eta oinarrizko errenta baino apalagoko diru sarrerak izanez gero.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)