Arrazistatzat hartzeak min egiten diola esan baina jarrera berretsi du Marotok
Gizarte laguntzen banaketa desegokitzat jota, proposatuko du baldintzak aldatzea. Diskurtso «xenofoboa» erabiltzea egotzi dio oposizioak
Berria, , 24-07-2014«Niretzat, izugarri mingarria eta injustua da pertsona batzuek pentsatzea arrazista izan naitekeela», esan zuen atzo Javier Maroto Gasteizko alkateak. Baina berretsi egin zituen aurreko astean egin zituen adierazpenak. Iruditzen zaio jatorri jakin batzuetako pertsonek «mendekotasuna» dutela gizarte laguntzekin, eta ez direla egoki partitzen. Marotoren arabera, ez da arrazakeriarik eztabaida honen guztiaren atzean. Aldiz, «diru laguntzek denentzat izan behar dutela esatea» eta mugarik ez jartzea, hor ikusten du arazoa. Alemanian, Erresuma Batuan eta Herbehereetan gizarte laguntzak jasotzeko muga batzuk jarri dituztela, eta iragarri du gisa horretako proposamenak egingo dituela Eusko Legebiltzarrean.
Hitz horiekin erantzun die aste honetan alkatearen jarrera kritikatu duten udaleko langileei. Gizarte laguntzaileen arloan aritzen diren beste udal langile batzuei iraingarri iruditu zaizkie Marotoren hitzak. Joan den astean esan zuen aljeriarrak eta marokoarrak gizarte laguntzez baliatzen direla eta lana errefusatzen dutela. Atzo ñabardurak egin zituen Marotok: «Badira nazionalitate batzuetako pertsona batzuk, bizi direnak haientzat solidario den sistema batean, eta, tarteka, pertsona horiek ez dute ezer egiten gizarte horretan integratzeko». Zehaztu zuen ez zituela immigrazioa eta iruzurra lotu nahi, baina errealitate batzuk hor direla —«begietan benda bat jartzeak ez du arazoa konponduko»—, eta Asiatik edo Latinoamerikatik heldutako etorkinek laguntzak gutxiago erabiltzen dituztela.
EH Bilduk eta EAJk, aldiz, leporatu diote diskurtso «xenofoboa» egiten ari dela, eta arriskutsu jo dute hori. Datuak eman dituzte, alkatearen esanei kontra egin nahian. EH Bilduren esanetan, Lanbide 8.000 familiari ari zaie laguntzak ematen, eta heren bat baizik ez dira etorkinak. EAJk, berriz, zehaztu du gizarte laguntzetan %5ek egiten dutela iruzur.
(Puede haber caducado)