Lasarte-Oria, aniztasunaren eredu
Aldundiko ordezkariak herrira etorri dira integrazioaren aldeko lana ezagutu eta zoriontzeko
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 17-07-2014martin Garitano, Gipuzkoako aldun nagusia, eta Itziar Pildain, Migrazio eta Aniztasun arloko zuzendaria, Lasarte – Oriako udaletxean izan ziren astearte arratsaldean aniztasunaren inguruan udalerriko eragile ezberdinek eginiko lana gertutik ezagutzeko, aitortzeko eta babesteko.
Ekitaldiari hasiera Kukuka eta Zambra taldetako bi nesken dantza emanaldiak eman zion. Abesti berberan batek sevillanetako pausuak irudikatu zituen eta besteak euskal dantzen hizkuntza erabili zuen jatorri ezberdinen arteko fusioa irudikatzeko asmoz. Sarrera honek oso modu plastikoan azaldu zuen ondoren zetorrena.
Hasieran, Pablo Barrio alkatea bere esperientzia pertsonaletik abiatu zen: “Duela 51 urte ni Lasarte – Oriara iritsi nintzenean nire gurasoekin, Agurain gure jaioterria urrun utzi ondoren, ez zen erraza izan bizitza berri bati ekitea. Emigrazioa beharragatik egin ohi den mugimendu traumatiko bat da eta iriste geltokiaren izaerak eta bertakoen jarrerak eragin handia du”.
“Duela hiru urte alkate izendatu nindutenean errealitate honen jabe nintzen, baina oraindik ez nituen behar bezalako betaurrekoak gure udalerria ongi preziatzeko eta koloreak juxtu bereizten nituen. Hala ere, lanean hasi eta berehala lasarteoriarron elkarbizitza egokia lor – tzeko landu beharrezko gako nagusienetako bat zela ere garbi genuen Udalean sartu ginen talde berriak”, gaineratu zuen.
Izan ere, Lasarte – Orian 70 jatorri ezberdinetako herritarrak bizi dira eta ehun elkartetik gora daude. Aniztasuna irudikatzeko Anitzen sarea proiektuan (anitzen arteko aitortzan eta elkar ezagutzan oinarrituriko lana) parte hartutako bost elkartek hitza hartu zuten. Kukuka dantza eta antzerki eskolak, Semblante Andaluzek, Ttakun kultur elkarteak, Porrotx pailazoak, Banaiz Bagarak eta Sasoetako eskolako gurasoen ordezkariek bakoitzak egindako lanaren inguruko ikuspegia eman zuten.
Aldundia “Aitortza bat egitera nator gaur Lasarte – Oriara, aniztasunaren inguruan herri honetan duzuen jokabide eta jarrera egoki, jator eta aurrerakoiarengatik zoriontzera. Aniztasuna eta migrazioa ez dira lanketa erraza dituzten gaiak, eta askotan hainbat gatazkarekin lotu izan dira. Baina zorionekoak gara, Lasarte – Oria bezalako beste esperientzia batzuk ere badirelako”, adierazi zuen Garitanok.
Zoriontzekoa da Sasoeta – Zumaburu eskolako guraso elkarteak duen jarrera ere, kultura eta jatorri ezberdineko gurasoak elkartu eta eskolan parte hartzera bultzatuz. Merezita jaso dute Hezkuntza Jarduera Onaren IV. lehiaketako lehen saria ekainaren 1ean Euskal Eskolaren Jaian, Aniztasunaren barneratzea proiektuarengatik”, azpimarratu zuen aldun nagusiak.
(Puede haber caducado)