Mairuen eta euskaldunen arteko lotura
Etzi egingo dute Mairuen Alardea, Antzuolan. Kulturartekotasuna eta elkarrekiko errespetua islatzen ditu ekitaldiak
Berria, , 17-07-2014Gaurtik igandera bitartean ospatuko dituzte herriko jaiak Antzuolan (Gipuzkoa), eta, urtero bezala, larunbateko Mairuen Alardea izango da festetako ekitaldi nagusia. XIX. mendetik egiten duten alardearen bidez, 920. urtean antzuolarrek mairuen kontra irabazi zuten Baldejunkerako gudua nolakoa izan zen antzezten dute.
Xabier Legorburu Mairuaren Alardearen Kultur Elkarteko lehendakariaren esanetan, ekitaldiak «herri izaeraren harrotasuna» adierazten du: «Alardearen bidez, herri sentimendu bat adierazten da: hau da, Antzuolako herri komunitatearen autoformazioa». Bestalde, Jone Larrañaga Antzuolako Udaleko Kultura teknikariak «herri ekitaldi» gisa definitzen du Mairuen Alardea: «Guztira, 190 lagunek parte hartzen dute».
Berrantolatutako alardea
Etzi egingo dute Mairuen Alardea; tradizioari jarraikiz, uztaileko hirugarren larunbatean. 19:00etan hasiko da ekitaldia, udaletxeko arkupeetan, eta herriko kaleak zeharkatuko dituzte kalejiran. Herriko plazara heltzean, gertakariaren gaineko antzerkia egingo dute, eta nabarmenena buruzagi nagusiak alardeari buruz ematen duen hitzaldia izango da.
Ekitaldia osatzeko, herriko dantzariek herriko jatorria duten lau dantza egingo dituzte, eta herriko abesbatzak Jose Maria Iparragirrek alardeari eskainitako bertsoak kantatuko ditu. Azken urteetan alardea «berrantolatua» eta «gizarteko balioetara egokitua» izan da. Legorbururen esanetan, «2000ko hamarkadan alardea hiltzen ari zela ikusten zen». Horrela izanik, Eusko Ikaskuntzarekin harremanetan jarrita, alardearen inguruko azterketa sakon bat egin zuten, indargune zein ahulguneak aurkitzeko.
«Azterketa horri esker, ikusi genuen jendeak alardea gizarteko topikoekin lotzen zuela, eta Alardearen Kultur Elkartekook horregatik egin genituen azken urteetan ikusi izan diren aldaketak», nabarmendu du Legorburuk.
Aldaketa nagusia alardearen diskurtsoa aldatzea eta gaur egungo balioetara «egokitzea» izan da. Horrela, kulturartekotasuna eta elkarren arteko errespetua islatu dituzte: «Alardean, herri bakoitzak —euskaldunak eta mairuak— gure identitatea aldarrikatzen dugu. Era berean, ordea, bestearen errespetua ere bermatzen dugu», dio Legorburuk.
Ildo horretatik, mairuen irudiaren inguruan ere aldaketak egin dira, haien irudia «duintze» aldera: lehen, esaterako, asto gainean joan ohi zen mairuen buruzagia, baina orain, berriz, zaldi gainean, «beste buruzagiak bezala». Bestalde, nabarmena izan da mairuen kultura islatzen duten elementuen agerpena: hala nola jantziak eta hizkuntza. Hain zuzen, alardeko hizkuntza nagusia euskara bada ere, mairuen buruzagiak arabieraz ere egiten du diskurtsoa.
Beste alarde batzuetan ez bezala, Antzuolan ez da gatazkarik izaten emakumeek parte hartzeagatik. Legorburuk dioenez, orain arte danbor jole gisa soilik azaltzen ziren, baina «horrela ezagutu izan dutelako». Alardea berrantolatu zutenean, aho batez adostu zuten emakumeen presentzia handitzea, eta, beraz, edozein emakumek parte har dezake arazorik gabe.
Aldaketa guztiak egin ostean, 2009. urtean egin zuten lehen aldiz alarde eraberritua, eta harrera ona izan zuen.
EGITARAUA
Gaur
12:30. Umeen ikuskizuna eta umeen herri bazkaria.
19:45. Antzuolako banderaren eta ikurrinaren jasotzea. Jarraian, Udalbatzaren aurreskua.
22:30. Imanol Ituño magoaren ikuskizuna txosnetan.
00:00. Hontzaren jaitsiera. Jarraian, kalejira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin.
Bihar
10:00. Txistulariekin goiz eresia.
10:30. Patata-tortilla lehiaketa.
11:30-13:30 eta 16:30-18:30. Umeen jolas parkea.
14:30. Herri bazkaria Kalebarrenen.
18:30. Poneyak, zezentxoak eta jolasak.
22:00. Pilota partidak: Lasa-Urrozola vs Jaka-Tolosa eta Titin-Rezusta vs Mendizabal-Zabaleta.
23:00. Zurraia eta Joxepa taldeen kontzertuak Zurrategin.
(Puede haber caducado)