Burka debekatzeko eskatuko du Danimarkako Alderdi Popularrak Legebiltzarrean

Alderdiko eledun Martin Henriksenen aburuz, jendeak ezin du Danimarkara heldu eta "gizartetik bereizi".

Berria, , 08-07-2014

Ez da lehen aldia eskuin muturreko alderdiak burka debekatzeko eskaera egiten duela. Duela urte batzuk ere ahalegindu ziren, baina Legebiltzarraren gehiengoak atzera bota zuen.
Orain, ordea, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren babesa du Danimarkako Alderdi Popularrak. Azken horrek duela gutxi berretsi du Frantziako Gobernuak hartutako oso antzeko neurria, zeinak toki publikoetan burka edota nikaba janztea debekatzen duen.

Estrasburgoren erabakian oinarrituz “segurtasuna” erlijiso askatasunaren gainetik jarri du Alderdi Popularrak bere proposamenean, eta argudiatu atzerritarren Danimarkako gizartera “egokitzeko betebeharra” dutela.

Alderdiko eledun Martin Henriksenen esanetan, balizko legea betetzen ez dutenei isunak jarri beharko litzaizkieke, Frantzian egiten den bezala.

Gobernuan dauden sozial-demokratak eta liberalek dagoeneko iragarri dute ez dutela proposamenaren alde bozkatuko, eta ohartarazi halako lege batek Konstituzioa urratuko lukeela.

Alderdi Popularrak lortu zituen boto gehien maiatzean egindako Europako Legebiltzarrerako bozetan. Inkesten arabera, %20 egin dute gora haien hautesleek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)