Calaisko etorkinen kanpalekua hutsarazi du Frantziako Poliziak

Berria, Bidatz Villanueva, 03-07-2014

Hirurehun etorkin baino gehiago bizi ziren kanpaleku bat desegin zuen atzo Frantziako Poliziak Calaisen, ekainaren 27an Lilleko auzitegiak emandako aginduari jarraituz. Janaria banatzen duten gune baten inguruan zegoen kanpalekua, maiatzaz geroztik.

Polizia operazioa goizeko seietan hasi zen. Heldu bezain pronto, irteerak itxi zituzten, eta kanpalekua desegiten hasi ziren. Horrez gain, hurreratutako kazetari eta giza eskubideen aldeko militanteengandik aldendu zituzten etorkinak. Jantokian lan egiten duen boluntario batek gaineratu zuen poliziek negar gasa erabili zutela operazioan.

Sarkozyrekin hasi ziren

Ez da Calaisen husten duten lehen kanpalekua. Nicolas Sarkozy Barne ministro zela, 2002an hasi zen Frantzia Calaistik etorkinak kanporatzen. Maiatzean Poliziak 650 pertsona kanporatu zituen hiru kanpalekutatik. Aurten, orotara, paperik gabeko 3.000 migratzaile atxiki dituzte.

Jean-François Corty, Frantziako Munduko Medikuen misio zuzendaria, ezkor agertu da: «Hemendik egun batzuetara etorkin berberak bueltan izanen dira, eta dena hutsetik hasi beharko dugu». Kanpalekuen aferari ez diote inongo konponbiderik jartzen, haren ustez: «Egoerak okerrera egin dezan uzten dute, gero, osasun arrazoiak argudiatuta, kanpalekuak itxi ahal izateko».

Aurrekoetan, etorkinek ezkabia zutela eta, prefetak tratamendua emanen zietela erabaki zuen, kanporaketak gelditu gabe.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)