Leku publikoetan burkaren erabilera galarazten duen lege frantsesa onetsi du Estrasburgok
Gara, , 01-07-2014Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Areto Handiak ontzat jo du leku publikoetan burka edo belo osoaren erabilera debekatzeko 2010ean Estatu frantsesean onartu zuten legea. Epaitegiaren arabera, arau horrek ez du urratzen Giza Eskubideen Europako Ituna.
Estatu frantseseko toki publikoetan belo osoa eramatea debekatzen duen 2010eko legeak Giza Eskubideen Europako Ituna urratzen ez duela erabaki du Estrasburgoko Epaitegiko Areto Handiak.
Era honetan, auzitegiak baztertu egin du 2011. urteko apirilean, legea indarrean sartu zenean, burka janztea debekatu zitzaion emakume musulman batek jarritako salaketa.
Estrasburgoko Auzitegiaren arabera, agintariek «norbanakoak identifikatzeko beharra dutela, herritarren eta ondasunen segurtasunaren aurkako atentatuak saihestu eta indetitate iruzurraren aurka borrokatzeko».
Aldeko 15 eta aurkako bi botorekin eman den ebazpenak onartzen du legeak «eragin negatiboa» izan dezakeela aipatu jantziak erabili nahi dituzten emakume musulmanen egoeran, baina azpimarratzen du badagoela legea ezartzeko «justifikazio objektibo eta arrazoitua».
Hala, epaileek Estatu frantsesak emandako azalpenak ontzat jo ditu, hau da, legea ez dela burka (gorputz osoa estaltzen duena, begietan sare txiki bat uzten duena) edo niqab – a (gorputz osoa estaltzen du, begien parean irekidura bat duela) debekatzeko aitzakia, aurpegia esaltzen duen edozein gauza galaraztea baizik, kaskoa edota buru – berokiak kasu.
(Puede haber caducado)