Bizikidetza harremana bada immigranteekin

Ikerketa bat egin du Nafarroak; «gatazka gutxi» dagoela dio. Hainbat «mito» hutsean utzi ditu

Berria, E. ELIZONDO IRUÑEA, 19-06-2014

Bizikidetza eta errespetua. Horiek dira bertakoen eta immigranteen arteko harremanaren ardatz, Nafarroan, gobernuak egindako ikerketa batek agerian utzi duenez. «Gatazka gutxi dago», gaineratu du Nafarroako Gizarte Politiketarako kontseilari Iñigo Allik. Nafarroak 640.000 biztanle ditu egun, eta %13,5 immigranteak dira; hau da, 86.240 pertsona. Haietako %31k Espainiako naziotasuna dute.

Gobernuak Bizikidetzarako Nafarroako Estrategia prestatu behar du, eta agiri hori egin aurreko urratsa izan da atzo aurkeztu zuten ikerketa. Haren bitartez, immigranteen inguruan dauden «hainbat mito» hutsean utzi dituzte egileek.

Mito horietako hainbat aipatu ditu Allik, ikerketaren berri emateko egindako agerraldian: «Immigranteak medikuarenera gehiago joaten diren ustea bada, adibidez, bai eta gastu sozialaren zati handiagoa jasotzen dutena ere».

Errealitatea, ordea, bertzelakoa da, ikerketak erakutsi duenez. Batetik, tokiko herritarrak immigranteak baino bi aldiz gehiago joaten dira medikuarenera; bertzetik, Gizarte Politiketarako Departamentuaren gastu sozialaren %75 menpeko pertsonek, ezintasunen bat dutenek eta zaharrek jasotzen dute, eta haien artean immigranteak ez dira nagusi. Hirugarrenik, ikerketak agerian utzi du oinarrizko gizarte zerbitzuetan artatzen dituzten lau pertsonetatik hiru bertakoak direla. Eta, laugarrenik, ikerketak nabarmendu du iaz emandako babes ofizialeko etxebizitzen %95 bertako herritarrek jaso zituztela.

Langabezia

Langabeziak immigranteen artean izan duen eragina ere aztertu du Nafarroako Gobernuak egindako ikerketak. Datuek erakutsi dute lanik ezak bereziki eragin diela Espainiako naziotasunik ez dutenei. Haien artean, hain zuzen ere, %40 da langabezia tasa. «Espainiako naziotasuna duten biztanle nafarren artean, berriz, %15 da», Iñigo Allik azaldu duenez.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)