OINARRIZKO HIZTEGIA
Berria, , 18-06-2014Jazarpena izateagatik herrialde bat utzi, eta beste batean babesa eskatzen duten pertsonen egoera askotarikoa da, eta araudiak egoera horiei hainbat modutara erantzun diezaieke.
Nor da errefuxiatua?
Arrazoi zehatzengatik jazarriko zaizkion susmo sendoak izateagatik sorterria edo ohiko bizilekua uzten duen pertsona da. Arraza, erlijio, nazionalitate, iritzi politiko jakin batzuk edukitzea edo gizarte talde batekoa izatea eta generoa (lehentasun sexualak eta genero identitateak eragindakoa barne) aipatzen dira arrazoi zehatz horien artean.
Zer dira jazarpen ekintzak?
Oinarrizko eskubideen urraketa larria eragin dezakete ekintza horiek, bai errepikakorrak izateagatik, bai metatuz doazelako. Horien artean, indarkeria fisikoa eta psikikoa daude, legedia diskriminatzailea, epaitegien bermerik gabeko zigor neurrigabeak…
Zer da asilo eskubidea?
Pertsona orok sorterritik edo ohiko bizilekutik kanpo babesa bilatzeko duen eskubidea da, aurretik aipatutako arrazoiek eraginda.
Zer da asilo estatutua?
Estatuak iheslari bati asilo eskubidea aitortzen dionean ezartzen dion estatutua da. Errefuxiatu denez, pertsona ez dute eramango sorterrira. Identitate eta bidaia agiriak ematen dizkiote, zirkulazio askatasuna aitortzen, eta hezkuntza, osasun laguntza, etxebizitza, gizarte laguntza eta gizarte zerbitzuetarako eskubidea aitortzen diote, besteak beste.
Nor da aberrigabea?
Nazionalitaterik ez duen pertsona, estatu bakar batek ere nazionalitate horretakotzat hartzen ez duelako. Jaiotakoan nazionalitaterik eman ez ziotenen edo nazionalitatea galdu eta besterik eskuratu ez dutenen egoera da hori. Saharako eta Palestinako biztanleen egoera, adibidez. Aberrigabe gisa onetsitako pertsonek estatuan bizitzeko eta lan egiteko eskubidea dute.
Zer da babes subsidiarioa?
Errefuxiatuak izateko baldintzak bete gabe ere, sorterrira itzuliz gero kalte larriak jasan ditzakeen pertsona da. Espainiako Gobernuak errefuxiatuei aitortzen dizkien eskubide bertsuak aitortzen dizkiete.
(Puede haber caducado)