«Eromena bizi izan dugu»
Berria, , 18-06-2014Hego Euskal Herrian iaz asilatu estatutua jaso zuen familiako amak salatu du izapideak egiteko geldotasuna; errefuxiatuak izan arren, egoitza eta lan baimenik gabe ere egon ziren.
J. R.
Hego Euskal Herrian bizi diren bost iheslariri baino ez zieten aitortu asilatu estatutua 2013an. Bostak familia bereko kideak dira: gurasoak eta hiru seme-alabak. Errusian jaioak, handik ihes egin zuten erlijio arrazoien ondorioz, CEAR Euskadik jakinarazitakoaren arabera. Familia horretako amak bizi izandakoaren berri eman dio BERRIAri; izena ezkutatzeko eskatu du, izan ditzakeen ondorioengatik.
Bizi izandako prozesua «luzea eta arraroa» izan dela jakinarazi du. «Teorian, prozesuak urte bat eta zortzi hilabete inguru irauten du», azaldu du: «Nahaspila bat bizi izan dugu, eromena». 2009. urtean ihes egin zuten Errusiatik, eta 2013ko apirilaren 17ra arte ez zieten asilo estatutua aitortu. Lau urte horietan denetik egokitu izan zaie.
Egoera bertsuan zeuden senide batzuek urte batzuk lehenago utzia zuten Errusia. Eta familia honek urte batzuk geroago hartu zuten ihes egiteko erabakia, 2009an. «Gauza arraroak gertatzen hasi zitzaizkigun gure herrian; senarraren gurasoek ihes egiteko eskatu ziguten».
Errusia utzi eta Frantziara heldu ziren. Lau egun baino ez zituzten eman han. Senarraren arreba haien bila joan zen, eta Frantziatik Espainiara eraman zituen. «Esan ziguten asiloa Frantzian eskatzeko, baina guk Espainian nahi genuen, senideekin». Legearen arabera, herrialde baten babesa eskatzeko, iheslariak herrialde horretan egon behar du.
Errefuxiatu izaera aitortzeko eskatu zuen familia osoarentzat. Denbora luzea joan zen erantzun bat eman zieten arte: ez zuten haien eskaria onartu. Haien familian aurrekariak zeudenez, helegitea aurkeztu zuten; Espainiako Auzitegi Nazionalean administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu zuten; hilabeteak igarota, 2013ko apirilaren 17an, arrazoia eman zieten azkenean.
Epaitegien ebazpena atera bitartean, administrazioaren trabak pairatu zituzten. Errefuxiatu izaera aitortzen zien agiri zuriaz gain, lan eta egoitza baimena ematen zien agiri hori bat ere eman zieten. Agiri horrek hiru hilabeteko iraupena zuen; hasieran arazorik gabe berritu bazieten ere, une batetik aurrera haietaz «ahaztu» ziren. «Denbora asko eman genuen inolako agiririk gabe». Espainiako Poliziak Gasteizen duen polizia etxera joan ziren. «Zerbait egin ezean Frantziara joango ginela esan genien, eta txartel horia itzuli ziguten».
Errefuxiatu izaerari uko egitea pentsatu zuten, eta egoitza baimena gizarte sustraitzearen bitartez eskatzea. Horretarako, ordea, zigor aurrekariak eskuratu behar zituzten, eta, errefuxiatuak direnez, jatorrizko herrialdeko gobernuarekin harreman guztiak hautsiak zituzten; ezin aurrekariak lortu, beraz. «Bi urte eman genituen paperik eta beste agiririk gabe; ezin lan egin, ezin ezer egin, erantzun baten zain…». 2013ko apirilaren 17an heldu zitzaien Auzitegi Nazionalaren ebazpena. Baina orduan ere ezin izan zuten ospatu. «Estatua ez omen zegoen pozik ebazpenarekin, eta helegitea aurkezteko aukera zegoen». Irailera arte zain egon ziren. «Hemen dena oso mantso doa». Iazko irailean, ebazpena behin betikoa zela jakinarazi zieten. Egoera argituta, saiatu zen argitzen errefuxiatuen eskubideak eta beharrak zeintzuk ziren argitzen. Polizia etxera joan, galderak egin, «eta ez nuen erantzunik jaso». Orduan ere ez.
(Puede haber caducado)