BIZIKIDETZA. ERREFUXIATUAK

Asilo eskubidea egoera «penagarrian» dagoela ohartarazi du CEARek

Errefuxiatu estatusa eskatzen duten iheslarietatik oso gutxik eskuratzen dute babesa. Immigrazio politiken bitartez asiloa eskatzeko eskubidea dutenei kentzen ari direla nabarmendu dute

Berria, JON REJADO GASTEIZ, 18-06-2014

«Ezinezkoa da asiloa eskatzen duten ehun pertsonatik 95ek iruzur egin nahi izatea». Miguel Viñasek, CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeko abokatuak, asilo eskubidearen egoera «penagarriaz» ohartarazi du, Espainiako Gobernuak 2013an onartu zituen errefuxiatuen datuak aztertuta. Hego Euskal Herrian bizi diren 65 iheslarik eskatu zuten asiloa, eta soilik familia bereko bost pertsonari eman zieten.

Hego Euskal Herriko datu horiek izugarri jaitsi dira bi urte hauetan. 2011. urtean, haien jaioterrietatik ihes egin zuten 133 pertsonak eskatu zuten babesa; hau da, bi urtean %51,2 jaitsi dira eskariak. Horren arrazoia Espainiako Gobernuak ezarritako immigrazio politika dela salatu du Rosabel Argotek, CEAR Euskadiko kideak. «Mugak gotortzeko politika hartu dute urte hauetan; batetik, iheslari gehienei ez diete asiloa aitortzen; bestetik, gero eta gutxiago heltzen dira».

Pertsona migranteak muga zeharkatu eta berehala beste aldera itzultzen dituztela gogorarazi du Argotek. Hau da, asilo eskubidea duten pertsonei estatus hori eskatzea ere debekatzen dietela, politika horien bitartez. «Oinarrizko eskubideak urratzen ari dira, estatus hori eskatzea ere ukatzen baitiete pertsona horiei».

Asilo eskubiderako sarbidearen egoera «larriaz» gain, kasuak ebazteko ematen duten denbora ere salatu du CEAR Euskadik. Haien egoera egiaztatzeko frogak eskatzen dituztenean «zorrotz» jokatzen dutela azaldu du. Viñasek nabarmendu du zaila dela jasan duten jazarpena frogatzea. Horrez gain, asiloa eskatu duenak sorterriarekin duen harremana «nahasia» dela azaldu du, eta horrek izapideak atzeratzen edo galarazten dituela.

Argotek duela bi urteko kasu bat ekarri du gogora. Sekou Jabatehek, haur soldadu izandako 33 urteko errefuxiatu batek, argazkiekin egiaztatu zuen bere egoera. Ordea, oraindik ere ebazpenaren zain dago. Horrez gain, Liberiako Gobernuak pasaportea ematen ez dionez, asilo politikoa eskatu duen egiaztagiriak ez dio lana bilatzen laguntzen.

Nazioarteko Eguna

Argotek adierazi du iheslarien taldea «ikusezina» dela. Pertsona horien egoera azaleratzeko, eta Espainiako Gobernuak haien eskubideak bermatzeko duen beharra gogorarazteko, zenbait ekintza egingo dituzte Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta ekainaren 20an. Gaur bertan, 19:00etan, Getxo Elkartegian (Bizkaia), Asilo Eskubiderako mugak hitzaldia emango dute. Horrez gain, Oscar Pasarinek 591 kilometro egingo ditu lasterka, Euskal Herriko mendi eta herrietatik, errefuxiatuen egoera gogorarazteko. Ekainaren 27tik uztailaren 6ra arte egingo du bidea.

Euskadi-Sahara Koordinakundeak ere zenbait ekintza prestatu ditu ekainaren 20rako. 17:00etatik aurrera hitzaldiak emango dituzte, Bilbon, Disabi elkartearen bulegoetan, hainbat lekukotasun aurkeztuko dituzte han.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)