BIZIKIDETZA. MUSULMANEN ELKARTEEN BATZARRA
Musulmanen kezkak agerian
Urteroko batzarra egin dute Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko musulmanek, Barakaldon. Meskita berriak zabaltzeko udalen oztopo eta trabak eta kezkatzen dituzten gaiak hartu dituzte hizpide
Berria, , 18-06-2014Joan den asteburua garrantzitsua izan zen euskal musulmanentzat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako komunitate islamiarrak biltzen dituen Fivasco federazioak urteroko batzarra egin zuen, oraingo honetan Barakaldon (Bizkaia). Federazioaren jardueraren balantzea egin zuten, aurrekontuak onartu zituzten, zuzendaritza berria hautatu zuten, meskiten kudeaketari buruzko irizpideak partekatu zituzten eta, batez ere, elkarrekin bazkaldu, otoitz egin eta loturak sendotzeko aukera baliatu zuten.
Baina federazioaren antolakuntza eta barne kontuak ez ziren batzarraren eztabaidagai bakarrak. Barrura ez ezik, kanpora ere hedatu nahi izan zituzten euren kezka, gogoeta eta iritziak. Hitzaldi sorta bat antolatu zuten batzarrari hasiera emateko, eta zenbait aditu gonbidatu zituzten, musulman izan zein ez, gai batzuen inguruan berba egiteko. Askotariko gaiak, esparru eta arlo desberdinetakoak, baina goiburu bakar batean bildu zituztenak: Euskal Herriko musulmanak: identitatea eta herritartasuna.
Azken urteotan ugaritu da Euskal Herriko musulmanen komunitatea. Euskal Herrian jaiotakoak dira komunitate horretako kide batzuk, beste zenbait herrialdetatik etorriak beste batzuk. Askotariko jatorri, hizkuntza, iritzi eta joerak dituzte. Baina sinesmenak elkartzen ditu, eta sinesmen horri loturiko historiak eta kulturak. Ez da kasualitatea batzar honetako saio irekietako gaitzat identitatea eta herritartasuna aukeratu izana.
Elkarrekiko begirunea
Mohammed Kasmi Fivasco federazioaren idazkaria da. Pozik dago batzarrak emandakoarekin, hortik «lan gehiago, proiektu gehiago eta integrazio handiagoa» etorriko direlakoan: «Euskal gizartearen partaide gara, eta gure herrikideen ikusmoldeak geure egin behar ditugu, aniztasun eta elkarrekiko begirune giro batean, denok, musulmanak izan ala ez, lan egiten baitugu gure herriaren etorkizunaren alde».
Kasmik dioenez, islama sinesmen «berria» da Euskal Herrian. «Beste herrialde batzuetan, Andaluzian esaterako, historia luzea du islamak. Hemen ez da hala izan». Horregatik, uste du beharrezkoa dela bere herrikideei «lasaitasun» mezua helaraztea: «Islama ez da gainerako erlijio eta kulturekiko desberdina. Sustrai humanitarioa du, eta gizaki guztiok, zeru beraren azpian eta lur beraren gainean bizi garenez geroztik, neba-arrebak garela sinesten du».
Horregatik, estereotipoak apurtzea beharrezkoa dela deritzo: «Batzuek pentsatzen dute musulmanok beste planeta batekoak garela. Gure erlijio, kultura eta ohiturak dauzkagu, baina gainerakoen moduko pertsonak gara, eta besteak errespetatzen ditugu inolako arazorik gabe».
Larunbateko saiora hainbat aditu gonbidatu zituzten, zein bere arlo edo espezialitatearen inguruan mintza zedin, betiere identitate eta herritartasunaren kontzeptuak aintzat hartuta. Hizlarien parte hartzeen ostean batzarrera bildutakoen galdera eta iritzien txanda ireki zen; Euskal Herriko musulmanen kezka eta interesen adierazle bilakatu zen entzuleen txanda hori, eta, esaterako, batek baino gehiagok aipatu zituen Bilboko Udalak onarturiko Hirigintza Plan Orokorra, meskitak zabaltzeari trabak jartzen dizkiona, Gasteizko alkate Javier Marotok berriki egindako adierazpenak, eta Poliziak erabiltzen dituen zenbait jokamolde, «desegoki» eta «baztertzaile» iritzi zietenak.
Ikurrak eta gurtza lekuak
Adoracion Castro Euskal Herriko Unibertsitateko katedratikoa da, eliz zuzenbidean aditua. Azken bolada honetan musulmanentzat kezka iturri izan diren gai bi jorratu zituen larunbateko hitzaldian: erlijio ikurrak, beloa bereziki, eta gurtza lekuak, batez ere horiek ireki ahal izateko zenbait udalek jartzen dituzten oztopoak.
Castrok azaldu zuenez, sinesmenena oinarrizko askatasunen arloko gaia da eta, hortaz, estatua da horren inguruan legeak egiteko eskuduntza duen bakarra, bai eta erlijioetako ordezkariekin akordioak sina ditzakeen bakarra ere. Lehenengo kontraesan edo gatazka sor liteke hor: estatua izaki legeak egiten dituena, horren gauzatze praktikoa beste instituzio batzuen eskuetan egon daiteke. Esaterako, gurtza lekuak irekitzeak hirigintzarekin izan dezake zerikusia eta hor udalek ezartzen dituzte arauak. Arau horiek estatuak teorian babesten duen erlijio askatasunaren kontrakoak ez izatean datza arazoaren muina.
Erlijio ikurrei dagokienez, horiek erakustea «norberaren askatasunaren arloko zerbait» dela nabarmendu zuen Castrok, eta, alde horretatik, Espainiako legerian beloaren erabilera mugatzen duen araurik ez dagoela gogoratu zuen.
Hala ere, eskubideak «mugarik gabekoak» ez direla esan zuen EHUko katedratikoak, eta arazoak sor ditzaketen zenbait arlo aipatu zituen: hezkuntza, funtzio publikoa, edo gorputz osoko beloaren erabilera arautu nahi izan duten udalen kasua.
Frantzian ez bezala, Espainian orain arte arazo gutxi sortu dira arlo horietan, Castrok esan zuenez. Hezkuntzari dagokionez, esaterako, zenbait kasutan ikasleak kanporatu dituzte beloa erabiltzeagatik, baina epaitegiek ikasle horiek berriro hartzera behartu dituzte ikastetxeak.
Gurtza lekuei dagokienez, Castrok uste du arazoari ez zaiola «behar bezala» heldu, eta, esaterako, Bilboko Udalak hartutako neurriak zalantzan jarri ditu: «Zenbait herritarren ezinegona baretu nahi izan dute gurtza lekuak kanporatuta, baina aztertu behar da irtenbide hori baztertzailea ote den». Castrok susmoa du sinesmen eta erlijio guztiekin ez dela berdin jokatzen ari: «Auzo berri bat egiten den bakoitzean, parrokia bat egoten da, baina ez dut ikusten beste sinesmen batzuetarako eraikinak daudenik».
Galderen txandan sarri agertu ziren udal batzuek meskitak zabaltzeko jartzen dituzten traben inguruko kexak; bereziki Bilboko Udalaren arautegiari buruzkoak. Meskitak hirietako aldirietara zokoratuta, delinkuentzia eta marjinazio handiagoa duten auzuneetara bidalita, segurtasun arazo bat konpondu beharrean, arazo handiagoa ez ote den sortzen ari galdetu zuen ikusleetako batek.
Mohammed Kasmik aitortu du gai horrek kezkatzen dituela bereziki euskal musulmanak: «Baina ez musulmanak bakarrik. Administrazioarekiko auzi helegitea aurkeztu dugu Bilboko Udalaren erabakiaren kontra; horretan Eliza ebanjelikoko gure neba-arrebekin batera goaz. Gaiak kezkatzen gaitu, baina ez musulman gisa, gizarte honetako herritar gisa baizik: gizartearen zati bat baztertzea ez da onargarria».
Igerilekuetan erabili beharreko arroparen inguruan Maroto alkateak hauspotutako polemika ere aipatu zuten batzarrean. Horren aurrean, Castro zuhur agertu zen. Igerilekuetako arautegien eta emakume musulmanen sinesmenen artean gatazka egon daitekeela aitortuta, gatazka hori gainditzeko burkini deiturikoa —eskuak eta aurpegia agerian uzten dituen bainujantzi berezi bat— bide bat izan ote daitekeen jarri zuen mahaiaren gainean: «Baina ni ez naiz nor hori esateko. Emakume musulmanek erabaki beharreko auzia da».
«Gertutasuna»
Bladimiro Allende ertzainak 27 urteko bide luzea egin du Ertzaintzan: kaleko patruiletan hasi zen, geroago ikerketa arloan trebatu —hainbat ardura izan zituen Durangoko, Ondarroako eta Muskizko polizia etxeetan zein Bizkaiko egituran— eta egun Zerbitzu Sekretuko Sailean aritzen da. Azken bolada honetan hainbat lan mahaitan hartu du parte, gizarte gutxiengoen ordezkariekin; besteak beste, komunitate musulmana gertuagotik ezagutzeko parada eman dio horrek, eta «oso esperientzia aberasgarria» suertatu zaiola azaldu du.
Allendek aitortu du azken urteotan Ertzaintza «beharbada herritarrengandik nahi bezain gertu» ez dela egon; «terrorismoaren presioari» egotzi dio egoera hori. Orain, «zorionez egoera hori amaituta» dagoela esan du, eta gertutasuna berreskuratzea lehentasuntzat ezarri duela Segurtasun Sailak, Ertzaintza 2016 Ortzimuga plan estrategikoan.
Batez ere kaleko patruilen jarduera izan zuen hizpide Allendek larunbatean. Susmagarrien identifikazioa «Polizia guztien ohiko jarduera» dela esan zuen, eta ongi araututa egon ohi dela noiz eta norekin egin behar diren horrelakoak. «Identifikazioak beti egin behar dira aldez aurretik egindako ikerketa lanaren ondorioz eta, horretan oinarrituta, susmagarriak direnen soslaiaren arabera», adierazi zuen.
Identifikazioak egiteko erabiltzen diren datuak «ikerketaren ondorioz» lorturikoak behar dute, eta ez «gutxiengo jakin batzuei jokabide zehatz batzuk egozten dizkieten aurreiritzietan oinarrituta». «Bestela jokatuko bagenu, praktika txarrak lirateke horiek, diskriminatzaileak izateaz gain porrotera kondenaturik egongo liratekeelako», gaineratu zuen. Allenderen iritziz, Ertzaintzak «datu objektiboak» erabiltzen ditu norbait kalean gelditzea erabakitzen duenean, «eta ez aurreiritziak».
Galderen txanda iritsi zenean, baina, zenbaitek desadostasuna adierazi zuten ikuspegi horrekin, eta esan zuten Ertzaintzak eta beste zenbait Poliziak «larderiaz» jokatzen dutela arabiar jatorriko herritarrak identifikatzerakoan. Allendek onartu zuen «iraganean izandako esperientziek» baldintzatuta joka dezaketela zenbait ertzainek, «zenbait herritar ere Poliziarekin izandako esperientziek baldintzatuta egon daitezkeen moduan». Baina ziurtatu zuen Ertzaintzaren borondatea dela horrelako jokabideak desagerraraztea.
65
HEGOALDEKO MUSULMANAK, MILAKOTAN
Hego Euskal Herrian 65.000 musulman inguru daude, Espainiako Komunitate Islamiarren Batasunak egindako ikerketen arabera.
27
ERLIJIO KOMUNITATEAK
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko 27 erlijio komunitatek osatzen dute Fivasco federazioa; beste hiruk sartzeko eskaria egina dute, eta azken onarpenaren zain daude.
(Puede haber caducado)