Emakumea eta beltza
Berria, , 13-06-2014‘Twenty Feet from Stardom’
Zuzendaria: Morgan Neville. Herrialdea: AEB. Iraupena: 91 minutu.
Izenburuak ongi laburbiltzen duen abiapuntu zinez interesgarria du dokumental onenaren Oscar saria eraman zuen pelikula honek. Izar handien atzealdean dauden ezezagun horien berri eman nahi du. Osperik lortu ez zutenei ahotsa ematea da Morgan Nevilleren asmoa. Fokuetatik kanpo gelditu ohi diren horien gainean argi pixka bat ematea.
Horretarako, azken mende erdian AEBetako musikak izan duen garapena hartu du aztergai. 1960ko hamarkadan musika beltzaren eztanda gertatu zenean, asko izan ziren arrakasta izan zuten taldeak. Ahots eta erritmo paregabeen jabe, talde horietako kideek berezko gaitasuna zuten musika egin eta interpretatzeko. Hala ere, kasu gehienetan industria gupidagabe baten txotxongiloak besterik ez ziren izan.
Bidean traba bikoitza izan zuten garai horietako musikariek —baita ondoren etorri diren askok ere—, emakume eta beltzak baitziren. Salbuespenak salbuespen, dokumentalak erakusten duen errealitatea argigarria da: gizonezkoak eta zuriak dira arrakasta eta errekonozimendua lortu duten musikari gehienak. Dohain artistiko handiak zituzten emakume beltz asko, ordea, bidean gelditu dira, inposatutako joko-arauek baztertuta.
Horrekin batera, izar izateko ezinbestekoa den osagaia ikus daiteke Twenty feet from stardom filmean: handinahikeria. Horri indibidualismoa ere gehitzen ahal zaio. Fokuen azpian egoteko gogoa izan behar, oihanaren legean borrokatzen ikasi eta darwinismo basatipean mugitzen jakin behar da show-business horretan aurrera egiteko. Bigarren aldagai hau ere erabakigarria da noren musika entzun behar den erabakitzeko garaian.
Zeharka bada ere, gai horiek dira pelikulari benetako interesa ematen diotenak. Zoritxarrez, dokumentalaren egiturak ez dio hari horiei segituko; horren ordez nahiko desorekatua den kontaera bat eginen du. 1960 eta 1970eko hamarkadetako musika beltzaren errepasotik hasita, hortik aurrerakoa nahasi samar izanen da, zuzendariak zehazki zein istorio kontatu nahi duen jakin ez balu bezala. Eta erretratu orokorra egin nahian, interes handia izaten ahal zuten istorio pertsonal pare bati ihes egiten utziko die filmak.
(Puede haber caducado)