Kultur Aniztasunaren Jaia ospatuko da bihar
Kultura eta gastronomia berriak ezagutzeko aukera izango da, guztira 13 gune jarriko direlarik plazaren bueltan
Diario Vasco, , 13-06-2014Bihar, larunbata, Kultur Aniztasunaren Jaiaren 6. edizioa ospatuko da Orioko herriko plazan. Egun osoko jaia izango da, goizean hasi eta gaua arte; 13 gune jarriko dira plazaren bueltan, bakoitza herrialde baten erakusgarri bertako kultura eta gastronomia ezagutzera emateko. Gune bakoitzaren gestioa Orion bizi diren jatorri desberdinetako herritarren esku izango da.
Jaia Udaleko Euskara batzordeak antolatzen du, honako helburuarekin: Orion gaur egun elkarrekin bizi diren lagunen kulturak ezagutzera ematea, elkarren arteko loturak indartzea eta aniztasun berri horren ospakizuna egitea, jai giroan.
Aurten jarriko diren guneak ondorengo herrialdetakoak izango dira: Maroko, Brasil – Bahia, Portugal, Nikaragua, Txile, Sahara, Brasil, Senegal, Honduras, Ekuador, Arjelia, Mexiko eta Argentina.
Udalak 200 euro ematen dizkio gune bakoitzeko arduradunari, behar duten jeneroa erosten laguntzeko eta guneetako arduradunek konpromezua hartu dute bertan saltzen dituzten razioak eta bestelakoek prezio egoki batean eskaintzeko (gehienez 2,5 euro razioko).
Eguneko egitaraua
Jaia eguerdian hasiko da haurren dantzekin eta zumba saioarekin. Ondoren, jaiaren manifestua irakurriko dute oholtzan eta Errikotxiako bertsolarien txanda izango da.
Arratsaldeko saioa 17:00etan hasiko da Nikaraguako dantzari eta kantariekin eta, segidan, munduko dantzen ikuskizuna aurkeztuko du Ouarda Mallalek. Atzetik, Iparraldeko Kirkintxo taldearen txanda izango da Orioko bi musikarik lagunduta.
Festa bukatzeko, Bartzelonatik etorritako DJ bat arituko da musika jartzen, 22:00etan: Cristian DJ.
Udaletik jakinarazten zaigunez, jaiaren aurrekontua 6.850 eurokoa da. Horren parterik handiena guneetako arduradunei ematen zaien 200 euroko diru – kopurua da (13 gune x 200 euro = 2.600 euro). Oholtza gaineko ikuskizunetarako 2.280 euroko gastua aurreikusi da.
Herrialde desberdinak beraien kultura erakusten saiatuko dira biharko aniztasunaren jaian.
(Puede haber caducado)