Isiltasunak ere bazter dezake
Berria, , 10-06-2014EDURNE ELIZONDO
Billabesa erdi beteta baino ez dago. Iruñea eta Uharte arteko bidea egiten ari da, duela hiru urteko egun batean. Bi eserleku hutsik dira aurreko aldean. Haietako batean adineko emakume bat eseri da. 70 urte ingurukoa. Hurrengo geltokian hainbat pertsona igo dira. Hego Amerikakoa da bat. Emakumea da hura ere, eta 40 urte inguru ditu. Adineko bertze andrearen ondoan esertzeko keinua egin du. Baina hark ez dio utzi. «Atzean bada tokia», bota dio. Burua makurtu, eta atzera joan da. Bakarrik.
«Halako egoerak ohikoak dira; anitzetan gertatzen zaizkigu. Baina inork ez du deus erraten». Hitzak ez dira Iruñeko garraio publikoko autobusean tokirik gabe gelditu den Hego Amerikako emakumearenak. Billabesan berean dagoen bertze neska gazte batenak baizik. Errumaniarra da. «Niri ez zaizkit halakoak hainbertze gertatzen, jendeak ez baitu igartzen nongoa naizen».
Adineko emakumeak bakarrik jarraitu du bidea. Jende gehiago igo da Billabesara hurrengo geltokian. Tartean, bertako andre gazte bat. Adinekoa altxatu egin da, eta ondoan tokia duela azaldu dio igo berriari. Irribarre zabala eskaini dio, gainera.
Ez dio luze eutsi irribarreari, ordea. Adineko emakumearen inguruan dauden herritarrak gertatu den horretaz konturatu dira. Eta ez dira isildu. Kontuak eskatu dizkiote Hego Amerikako emakumea baztertu duen andreari. «Nire ondoan nik nahi dudana eseriko da», erantzun die jasotako kritikei eta salaketei. Baina ez da harena izan azken hitza: «Jarrera arrazista agertu duzu gure aurrean, eta salatzea da gure betebeharra. Bakarrik joan nahi baduzu, edo zuk nahi duzunarekin, hartu taxia».
Adineko emakumea billabesatik jaitsi egin da, autobusa gelditu bezain pronto. Oraingoan, hark makurtu du burua ibilgailutik atera denean. Isilik alde egin du. Barruan gelditu direnek haren jarreraren kontra hitz egiten jarraitu dute. Errumaniako gazteak eskertu du «behingoz» isildu ez izana. «Beharrezkoa baita zuek halako bidegabekeriak salatzea». Hego Amerikako emakumeak onartu du. «Ez da lehen aldia».
(Puede haber caducado)