Kultur aniztasunaren jaia, datorren larunbatean
Diario Vasco, , 08-06-2014Kultur Aniztasunaren Jaiak 6. edizioa du aurten eta antolatzaileek prest dute programa dagoeneko. Jaia ekainaren 14an ospatuko da, larunbatarekin, eta egun osokoa izango da, eguerdian hasi eta gauera arte. Guztira, 13 herrialdetako guneak jarriko dira plazan eta bakoitza herrialde horretako kulturaren eta gastronomiaren erakusgarria izango da. Hauek dira parte hartuko duten herriak: Maroko, Brasil – Bahia, Portugal, Nikaragua, Txile, Sahara, Brasil, Senegal, Honduras, Ekuador, Arjelia, Mexiko eta Argentina.
Udalak San Pedro festen barruan antolatu nahi zuen Kultur Aniztasunaren Jaia, azken bi urteotan bezala, pentsatzen duelako horrela hobeto betetzen duela daukan helburu integratzailea. Nolanahi ere, batzorde antolatzailearen gehiengo handi batek nahiago zuen jaia aurten aparte ospatzea eta horrela egingo da.
Futbol partida
Aurtengo Kultur Aniztasunaren Jaiaren barruan, aurreko urteetan bezala, futbol partida bat jokatuko dute mundu osotik Oriora etorritako lagunek eta bertakoek. Partida ekainaren 13an jokatuko da, ostiralarekin, 19:00etan hasita, Mendibeltz futbol zelaian.
Futbol partida hori jokatzeko aukera daukate oriotar guztiek, Orion bizi diren guztiek. 15 bat urtetik gorako guztiek.Partida antolatzeko, hori bai, ezinbestekoa da entrenamendu bat egitea elkarrekin, taldeak osatu eta kontu batzuk erabakitzeko. Entrenamendu hori gaur izango da, 10:30ean Mendibeltz zelaian.
(Puede haber caducado)