Cartas a la Dirección

Bai aniztasunari

Diario de noticias de Gipuzkoa, mikel babiano lopez de sabando, urretxuko aniztasun eta bizikidetza mahaiaren izenean, 06-06-2014

Zu eta ni bezain zaharrak dira migrazio – mugimenduak. Gizakia gizaki
denetik, eta segur aski baita askoz lehenagotik ere, leku batetik
bestera migratu beste erremediorik ez dugu izan. Iparraldetik
hegoaldera, hegoaldetik ekialdera, ekialdetik mendebaldera,
mendebaldetik iparraldera. Gogoan izan XIX. mendean Ameriketara joan
ziren euskaldunak, Joxe Maria Iparragirre bera barne. Gogoan izan garai
hartako gatazka eta karlistadak, XX. mendeko gerra zibila. Zenbat
lagunek ez ote zuten orduan, etorkizuna nolabait bermatu nahian, gure
eskualdea utzi behar izan? 2014ko maiatzean, Urretxuko populazioaren %
40,9 Urretxun bertan jaiotakoa da. Euskal Herriko beste herri
batzuetatik urretxuarren % 37,1 iritsi da, Europako beste estatu – nazio
batzuetatik % 17,1; Amerikatik % 2,4; Afrikatik % 1,7 eta Asiatik %
0,8. Alegia, herri anitz batean bizi gara, mundu osoko lagunok osatzen
dugun herri anitz batean. Bertan bizi gara, bertan hezten ditugu gure
seme – alabak, bertan lan egiten dugu, bertan pozten eta haserretzen gara.

Horregatik guztiagatik, Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko
kideok aldarrikatzen dugu gure herria denon artean eraiki nahi dugula,
eraiki behar dugula, gizarte inklusiboaren alde aritzea denon ardura
dela eta den – denok garela hori lortzeko partaide aktibo, jatorriari eta
azalaren koloreari erreparatu gabe. Esan diezaiogun “bai” aniztasunari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)