Talde parlamentarioa sortzeko kide bila dabil Le Pen
Hollandek laguntza eskatu die EBko beste gobernuburuei: «Fronte Nazionala Europa osoaren arazoa da»
Berria, , 29-05-2014Erredakzioa
Europako Parlamentuko indar nagusiak hauteskundeen ondorioak kudeatzen ari dira oraindik. Bruselan, Europako Batasuna osatzen duten 28 estatuetako lehen ministro eta presidenteek ezohiko batzarrean egin dute euren interpretazioa. Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidenteak txokokeriak saihestu nahi izan ditu, baina elkarrizketa guztien artetik gai bat nabarmendu da: Frantzia eta Fronte Nazionalaren arrakasta. François Hollande Frantziako presidenteak laguntza eskatu die gainerako gobernuburuei: «Hau ez da Frantziaren arazoa soilik, Europa osoarena baizik».
Bitartean, Marine Le Pen FNko burua bere sarea josten aritu da. Europako legebiltzarrean bloke euroeszeptiko bat sortu nahi du —«Askatasunaren Europako Aliantza» deitu dio—, eta horretarako, beste herrialdeetako alderdi ultraeskuindar eta populistengana jo du. Oraingoz, lau agertu dira prest FNrekin taldea osatzeko: Herbehereetako PVV Askatasunaren Alderdia, Austriako FP… Alderdi Liberala, Italiako Lega Nord eta Flandriako Vlaams Belang. Guztien artean 38 eurodiputatu dituzte, baina bost estatutakoak bakarrik: gutxienez zazpitakoak izan behar dute taldea osatzeko.
Kanpalekuak husten Calaisen
Hollande kezkatuta dago eskuin mutur xenofoboaren gorakadarekin, baina bere gobernuak ere ez die ongietorririk egin atzerritarrei: atzo, Frantziako Poliziak hiru kanpaleku hustu zituen Calaiseko portuaren inguruan. Agiririk gabeko 650 etorkin inguru bizi ziren haietan duela hainbat astetatik, tartean siriarrak, iraniarrak eta afganiarrak. Hazteri epidemia bat aitzakia hartuta, goizeko zortzietan sartu ziren segurtasun indarrak kanpalekuetara.
(Puede haber caducado)