ETORKINAK. ANALISIA

Azkunaren estiloan

Berria, IÑAKI PETXARROMAN, 23-05-2014

Ez dago ijito onik, edo «oso gutxi», Josu Bergara Sestaoko alkate jeltzalearen esanetan. Hainbat etorkin eta ijito errumaniarrek herrian erroldatzeko egindako eskariei muzin egin dielako salaketa jarri dute Bergararen aurka, baina alkateak bereari eutsiko dio, ez duelako ametituko «kaka» guztia bere herrira joatea. Eta, beharrezkoa bada, «ostiaka» aterako ditu, «legea egunero hausten» duelako.

«Hitz desegokiak» direla aitortu du Bergarak, baina ez du dimitituko. EAJ isilik geratu da, eta herritarrek gogotsu hartu dute euren udal arduradun nagusiaren jarrera oldarkorra. Kalean babestu dute, nahiz eta zantzu handiak izan prebarikazio delitu baten arduraduna dela.

Bergararen aldarte eta hitz egiteko modua ezin onartuzkoak dira arduradun politiko batentzat. Herritar bat —bertako nahiz kanpoko— «ostiaka» botako duela harro dioen batek ez luke tokirik izan behar erakundeetan.

Baina Bergara lasai dago. Badaki-eta herritar askoren babesa duela. Eta, are gehiago, nahiz eta hitz eta jarrera desegokiak agerian utzi, badaki harrotuko den zarataren ondoren boto uzta oparoa jaso dezakeela herrian.

Ari dira lurra ereiten. Sestaoko Ertzaintzaren polizia etxeko agenteek barne zirkular bat izan dute gidari, «gazte magrebtarrak» identifikatzera joateko. Eta problema ez da delitugileei jazartzea. Problema da herritarren sektore batzuk delituarekin lotzea, euren jatorri edo arrazarekin lotuta. Nahi duten moduan orratz dezakete, baina hori xenofobia da.

Atentzioa ematen du EAJren jarrerak ere. Bergarak esan dituenak nahikoa izan beharko lirateke alderdiaren konfiantza galtzeko. Ez du halakorik egingo, ordea, EAJk. Iñaki Azkuna Bilboko alkate ohiak ere «labanadunei» gerra agindu zien, eta bizilekuen azpian meskitak zabaltzen uzteari uko egin zion, herritar batzuen aurkako jarrerarekin bat eginda. «Munduko alkaterik onena» izendatu zuten, eta boto parrasta bat izaten zuen beti zain. Bergarak ere uzta bera espero du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)