Bi urte eskolara joan gabe
Sestaoko alkatearen aurkako salaketa jarri duten familiek azaldu dute zailtasun asko dituztela erroldarik ez edukitzeagatik. Poliziek jazarri egiten dietela ohartarazi dute.
Berria, , 23-05-2014Nik hezkuntza nahi dut nire semearentzat. 8 urterekin ez dadin etxean egon egun osoan». Caterinak bi seme-alaba ditu. Haur txikiena Euskal Herrian jaioa da, duela urte bat eta hiru hilabete, «baina jaiotza agiririk ere ez du». Zaharrenak 8 urte ditu, baina bi urte daramatza eskolara joan gabe. Hain justu, gurasoak Errumaniatik heldu zirenetik. Sestaon (Bizkaia) erroldatu ezinik eman dute denbora hori, eta, erroldarik gabe, ezin du semea ikastetxera eraman. Atzo Barakaldoko Epaitegian (Bizkaia) Josu Bergara Sestaoko alkatearen aurkako salaketa aurkeztu zuen familietako bat da Caterinarena.
Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideekin heldu ziren salatzaileetako batzuk epaitegira. Elkartearen laguntzaz jarri dute salaketa zortzi lagunek; ijito errumaniarrak dira denak. Prebarikazioa leporatu diote alkateari, arrazakeriaz jardun izana astungarri gisara hartuta. Herrian bizi diren ijitoak eta etorkinak ez erroldatzea egotzi diote, horretara behartuta dagoen arren. «Bi urte daramatzagu horren inguruko kexak jasotzen. Askok amore eman dute, eta beste herri batzuetara mugitu dira», azaldu zuen SOS Arrazakeriako kide Brigida Ridruejok.
Bergararen adierazpenak jasotzen dituen grabazioak dira elkarteak aurkeztutako froga nagusia. 2013ko ekainekoak dira solasaldiak, alkatea hainbat higiezinen enpresako jabeekin batzartu zen garaikoak. «Etxebizitzak atzerritarrei alokatzeari utz ziezaioten bultzatu nahi zuen», adierazi du Nekane Garcia Amezaga SOS Arrazakeriako abokatuak. Jabe haietako batek bilera grabatu zuen, eta prest dago lekuko gisa deklaratzeko.
«Segurtasuna eta ordena publikoa nahastera eta delituak egitera» etorriak zirelakoan, «Sestaoko kanpotar batzuen inguruko kezka» helarazi zien Bergarak enpresei. Familia horiek herritik «botatzeko», «koordinatzea» proposatu zien. Adierazpen bortitzak egin zituen alkateak, grabazioetan entzun daitekeenez: «Kaka guztia Sestaora? Ez, ez! Kaka jadanik ez da etorriko Sestaora; bestela, bota egingo dut nik; ni neu arduratuko naiz joan daitezen; ostiaka, noski!».
Legea «egunero hausten» aritzen dela ere esaten du alkateak grabazioan, eta badakiela gauzak «pixka bat txarto» egingo dituela. Mahai gainean ebatzi gabeko 40 erroldatze txosten dituela ere onartzen dio solaskideari. Era berean, salaketan jaso dute Bergarak «pertsonalki» dei egin ziela familia horiek alokatutako etxebizitzen jabeei, «bertan zein pertsona mota bizi den jakinarazteko, euren polizia txostenen berri emateko eta ikaratzeko». Izan ere, Sestaoko bizikidetza ordenantzaren arabera, etxebizitza edo lokaletako jabeek beren gain hartu behar dituzte bertako egoiliarren «jarrera gizalegerik gabeak», alokairu kontratuan bestela zehaztu ezean. Hala jardun izana onartzen du alkateak grabazioan. Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari izandakoa da Bergara.
Garciak jakinarazi du hirutan saiatu dela udalarekin harremanetan jartzen, auzia konpontzeko, baina ez duela erantzunik jaso. Halaber, gogora ekarri du 2011tik EAEko arartekoak bost aldiz ohartarazi diola udalari oker jarduten duela. «Erroldatzearen ukapenak bizilaguna helbide horretan bizi ez dela egiaztatu izana eduki behar du oinarri», adierazi dio erakundeak alkateari.
Erroldarik ez edukitzeak hainbat oztopo ekartzen dizkiela erantsi du Ridruejok: «Erroldari lotutako oinarrizko eskubideetarako sarbiderik ez dute, hala nola osasunerako eta hezkuntzarako; horregatik dauzkate umeak eskolatu gabe». Errumaniarrak, ordea, Europako Batasuneko kide dira, baina erroldarik gabe, ezin dute Espainiako Poliziaren erregistroan izena eman.
Poliziaren «jazarpena»
Erroldaren auzia ez da SOS Arrazakeriak Sestaon antzeman duen arazo bakarra. «Bi urteotan, Sestaoko Udala familia hauei jazarri zaie, udaltzaingoaren bidez, eta kasu batzuetan Ertzaintzaren bidez ere. Euren etxeetan sartu dira, polizia abusuak egin dituzte, tartean kolpeak eta jipoiak ere. Hori guztia, presioa egiteko, herritik joan zitezen», esan du Ridruejok. «Udaltzaingoa etengabe joan zaie mehatxuka, gizarte zerbitzuek umeak kenduko zizkietela eskolatu gabe zeudelako», gaineratu du Garciak.
Hitzok berretsi ditu salaketa jarri duen sendietako bateko kideak: «Aste honetan etorri zaizkigu etxera, eta joan den hilabetean ere bai. Paperak eskatzen dizkigute. Kalean ere geldiarazten gaituzte. Errumaniara itzultzeko esaten digute».
(Puede haber caducado)