Juan Maria Aburto: "Hitz desegokiak dira"

Berria, , 22-05-2014

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburu Juan Maria Aburtok ez ditu begi onez hartu Josu Bergara alkateak etorkinei eta ijitoei buruz egindako adierazpenak. “Hitz horiek egia badira, hitz desegokiak dira”, adierazi du, udako ikastaro batzuk aurkeztu ondoren kazetariek galdera egin diotenean.

Erroldatzeko zailtasunei buruz galdetuta, horren ardura udalena dela azaldu du Aburtok. “Badakigu erroldatuta egoteak aukera zabaltzen duela gure babes sisteman sartzeko, eta hori oso garrantzitsua da”. Sestaoko herritar batzuk horretaz kexatu dira, babesik gabe utzi dituztela. “Kasu zehatz hori ez dut ezagutzen”, erantzun du sailburuak.

Kasua azaleratu ondoren alkateak dimisioa eman beharko ote lukeen galdetuta, erabaki hori hari dagokiola esan du Aburtok. “Aztertu behar da. Esan behar dut, duda barik, Josu Bergara alkate ona dela eta izugarrizko papera egiten ari dela egoera oso zailean”.

Ezker Batua Berdeak: “Kargutik kendu dezatela berehala”

Bergara kargutik “berehala” kentzeko eskatu diAndrea Uñak EAJri, “ustezko prebarikazioagatik eta arrazakeriagatik”. Uñaren ustez, EAJk ez du aitzakiarik gertatutakoen aurrean geldirik egoteko; prozesua “azkartu” eta halakoen aurrean “erantzun sendoa” emateko eskatu dio.

Bizkaiko EH Bildu: “Atzera egin dezala, edo EAJk kargutik kendu dezala”

Gogor kritikatu ditu Bizkaiko EH Bilduk Sestaoko alkatearen adierazpenak; adierazpenak atzera botatzen ez baditu, haren alderdiari, EAJri, hura kargutik kentzeko eskatu dio. Bergararen adierazpenak “xenofoboak, iraingarriak eta mespretxuzkoak” dira koalizioaren ustez. Egoera ekonomikoa “zaila denean” — koalizioaren arabera, %27 da Sestaoko langabezia tasa— tokian tokiko egoera kudeatzeak zer nolako zailtasunak dituen jakitun direla diote, baina Bergararen jarrera ezin onartuzkoa da, euren ustez: “Ezin dena egin da immigrazioa eta delinkuentzia era orokor batean lortu, eta are gutxiago xenofobia eta bazterkerietako planteamenduak egitea, batez ere, ardura duten pertsonek”.

Erkoreka: “Beste estilo bat du”

Harridura azaldu du Bergararen hitzekin Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Hitzak ez dituela entzun argitu du Erkorekak, baina berretsi du Sestaoko alkatea “beste era batera” aritzen dela. “Arazoei aurre egiteko eta pertsonekin erlazionatzeko beste estilo bat du”.

PSE: “Onartezina”

Jose Antonio Pastor PSE – EEko Bizkaiko idazkari nagusiak esan du Bergararen hitzak “onartezinak eta xenofoboak” direla. Haren ustez, adierazpen horiek ez dira “moralki duinak”, baina, horrez gain, “onargaitzak” dira ordezkari baten ahotan.

Pastorren arabera, Sestaoko alkate karguak “pedagogia soziala” egitea eskatzen du, “eta ez atzerritarren kontrako sentimendu biziak piztea”. Bere hitzek “agerian” uzten dute Bergara: “Inor ez da kaka bat”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)