«Dena pagatu arren, bota egingo gaituzte»

Bilboko hiru etorkin familia beren etxeetatik kaleratuko dituzte gaur. SOS Arrazakeriak salatu du iruzurra jasan dutela eta banketxeak zein udalak «babesgabe» utzi dituztela. Protestara deitu dute eragileek.

Berria, Maite Asensio Lozano Bilbo, 16-05-2014

Ezer gutxi geratzen zen etxean atzo eguerdian: aulki pare bat, koltxoi bat, apal batzuk, telebista. Ordurako eramanak zituzten etxetresna eta altzari handiak, baita arropa eta haurraren jostailuak ere, eta kutxetan gordetzen ari ziren apaingarri txikienak. Duela hiru urte aurkitu bezala utzi nahi dute lau hormen barrukoa: huts-hutsik. Gaurtik aurrera ez baita haien etxebizitza izango: Bilboko Mena kaleko eraikin berean bizi diren hiru sendi kaleratuko dituzte goizean, ustez iruzurra egin dieten enpresen zorren ondorioz. «Minduta» sentitzen direla adierazi diote BERRIAri.

«Etorri ginenean ez zegoen ezer, ezta argindarrik edo ur txorrotarik ere; den-dena erosi behar izan genuen: armairuak, oheak, garbigailua… Diru pila bat jarri genuen etxe hauetan. Orain dena eramango dugu; gauza batzuk bota behar izango ditugu, baina hemen ez diegu ezer utziko». Lagun batekin bizi da Sara —abizenik ez du eman nahi—, eta haien azpiko etxean, bikote bat, urte eta erdiko semearekin. Denak dira Marokon jaioak. Kaleratuko duten hirugarren familia, berriz, Bangladeshtik heldua da. «Ez da kasualitatea guztiak etorkinak izatea», esan du SOS Arrazakeriako kide Brijida Ridruejok.

Izan ere, kaleratzeon atzean iruzurra dagoela salatu dute Bilboko hainbat gizarte eragilek. Ridruejok azaldu du hiru enpresak antolatu dutela, «baina jabe berberak dituzte». Mena kaleko 1 eta 3 zenbakietako eraikinak lortu zituzten enpresok: «Migratzaileei alokatu dizkiete guztiak, kalteberak direlako, ez dituztelako ezagutzen hemengo legeak eta hizkuntzekin zailtasunak dituztelako». Sarak onartu du ez zituztela irregulartasunak antzeman: «Hilabete batzuetan gizon bat etortzen zitzaigun alokairua eskuan kobratzera, eta beste batzuetan dirua banketxean sartzeko esaten ziguten».

Enpresek bidean utzitako zorren ondorioz, etxebizitzak bahitu egin zizkien bankuak. Kaleratzeak hirutan gauzatuko dira oraingoz, baina beste hainbat bizilagun daude antzeko aginduaren zain. Egoera «bidegabea» da, Ridruejoren hitzetan: «Ez daukate ezer ordaindu gabe. Errentari gisa dauzkaten eginbehar guztiak bete dituzte». Gainera, 2011n etxea alokatu zutenean ordaindutako diru ezarpena ere ez diete itzuliko. «Guk dena pagatu arren, bota egingo gaituzte. Bost urterako kontratua geneukan, baina orain ez dugu eskubiderik», erantsi du Sarak.

Bankuak ere ez die erraztasunik eman. «Banco Popularrek uko egin dio haiekin negoziatzeari», salatu du SOS Arrazakeriako kideak. «Kontratua errespeta zezakeen, edo etxetik irteteko epea luzatu, baina ez du nahi izan». Bazuten itxaropena bertako bizilagunek: «Uste genuen alokairuan geratzen utziko zigutela. Izan ere, zertarako nahi ditu bankuak etxebizitza hauek hutsik?».

Etxe bila, arrazakeria

Akituta dagoela aitortu du Sarak, egongelan geratzen diren aulki bakanetakoan eseri denean. 62 urte ditu, eta osasuna okertu egin zaio azken asteetan. Ia atsedenik ez du hartu etxetik botako dituztela jakin zuenetik: «Ia jan eta lo egin gabe ibili gara, 09:00etatik 21:00etara etxe bila. Tentsio honek arazo asko eragin dizkit gorputzean: belaunak txikituta dauzkat».

Kexu da oso denbora gutxi eman dietelako beste bizitoki bat aurkitzeko. Bat dator Ridruejo: «Migratzaileentzat oso zaila da aste gutxi batzuetan etxea aurkitzea, baita dirua dutenentzat ere». Hain justu, bilaketan bazterketa jasan dutela kontatu du Sarak: «Higiezinen enpresa batzuetan, zuzenean esan digute ez dietela kanpotarrei alokatu nahi. Beste askotan, telefonoa eskatu digute, baina ez gaituzte deitu».

Azken egunotan aurkitu dute etxe bana. «Higiezinen enpresa bakarra aurkitu dugu laguntzeko prest. Bihotz oneko pertsonak dauzka lanean». Ez guztiek: hirugarren sendiak, bangladeshtar jatorrikoak, ez du bestelako bizitokirik bilatu. «Uste dute haiek ez dituztela kaleratuko», azaldu du Ridruejok. «Iruzurra egin dien enpresak esan die haiek ez dutela arazorik izango, baina gezurra da: epaitegiak haiek ere botatzeko agindu du. Ez dakigu zer egingo duten bihar [gaur]».

Edonola ere, etxea topatzearekin ez zaizkie oztopoak amaitu: zailtasun handiak izan dituzte alokairu kontratu berriak dakartzan diru ezarpenak ordaintzeko. Ingurukoen laguntzaz lortu dute 2.500 euro biltzea bakoitzarentzat. «Arazo honi konponbide pribatua eman zaio. Azken finean, gizarte eragileen eta auzotarren elkartasunari esker pagatu dute, ez erakunde publikoen babesari esker».

Etxebizitza publikorik ez

Bilboko Udalarekin bereziki haserre mintzatu da Ridruejo. Sendiok «babesgabe» utzi dituela nabarmendu du. Etxe Kaleratzeetarako Bitartekaritza Zerbitzuko bulegora lagundu izan die SOS Arrazakeriako kideak familiei, eta salatu du «oso gaizki» tratatu dituztela: «Bakarrik joan izan balira, ez zituzketen artatuko. Kasu egin diete gizarte mugimenduok presio egiten ari ginelako, eta azken unera arte ez dute irtenbiderik proposatu».

Ridruejok gogora ekarri du bulego horrek Udal Etxebizitzak enpresa publikoaren 30 etxe dauzkala kaleratutakoak haietan bizi daitezen; hamabost hutsik daude oraintxe bertan. Familia bakoitzarentzat bana eskatu diote udalari, baina atzo arte ez zuten erantzunik jaso. «Goizean udal langileetako batek deitu dio sendietako bati, eskatzeko joan zedila kontratua sinatzera, etxea non dagoen ere esan gabe. Etxe horretara ezin dira orain joan, kontratua sinatua dutelako, eta aurrerantzean ez diete besterik eskainiko, edukiko dutelako bizitokia. Baina zer nahi zuen udalak? Urte eta erdiko ume batekin kalera joatea, eta etxerik ez bilatzea?».

Bitartekaritza zerbitzuaren aurka mintzatu da EH Bilduren udal taldea ere. Bilboko kaleratzeen berri izateko udalak epaitegiarekin harremanetan egon behar lukeela azaldu du: «Baina, familiei kaleratzearen berri eman zietenerako, berandu zen helegiterik aurkezteko. Zein zerbitzu mota ematen du, kaltetuei informazio zuzen eta eraginkorra emateko gai ere ez bada?».

Gaur, elkarretaratzea

Asteotan sendion alde egindako mobilizazioekin jarraituko dute gaur. 09:00etarako espero dituzte poliziak; beraz, 08:30etik aurrera Mena kalean biltzera deitu dute gizarte eragileek. «Ertzaintzako indar bereziak bidaliko dituztela jakinarazi digu epaitegiak. Ez dakigu zergatik: protesta guztiak baketsuak izan dira», adierazi du Ridruejok.

Azken batean, hiru sendietako bik beste etxea dute zain. Pena dute, halere, elkarrengandik banatu beharko dutelako. Bi sendiak bat eginda bizi izan direla azaldu du SOS Arrazakeriako kideak: «Herrialde beretik datoz, antzeko bizipenak dituzte, elkarren ondoan bizi dira… Arazoren bat izan dutenean elkar lagundu dute, eta horrek eragotzi du hemen bakarrik sentitzea. Haiek sortu duten familia hautsiko dute etxe kaleratze hauek».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)